“Estilo aldetik lehengoarekin gatoz”, diote taldekideek Iparragirre Rock Elkarteak Astran inprobisatu duen platoan. Sofa batean eserita, bueltarako gogotsu nabari zaie. Udarako aurreikusita dituzten kontzertuetan lehena da Gernika-Lumoko Rock&Rally jaialdikoa. «Espektakulua monta nahi dugu», diote.
Etsaiak talde lekeitiarreko kideak, Gernika-Lumoko Rock&Rallyn
Eta espektakulua eman zuten zapatuan. Taldekideek eurak esan legez, beteranoak izan arren, forman daudela erakutsi dute. «Itzulera asko prestatu dugu, baina kosta ere egin zaigu. Izan ere, gaur egun bizimodua aldatuta dugu, eta ezin ditugu arratsalde osoak entseatzen eman, lehen egiten genuen modura».
Bueltan, gainera, taldekide berriekin dator Etsaiak: Jorge (baxua) eta Dann (gitarra). Hala ere, taldera ondo egokitu direla diote. «Betidanik elkarrekin jo izan dugula dirudi. Maila oneko musikariak eta showmanak dira, biak ere».
Kontzertuak gozatu
Azken asteetan ikusmina sortu du Etsaiak taldearen itzulerak. Eta zapatuan ere, jende ezagun asko zuten taldekideek Gernika-Lumon, beraien txandaren zain. «Kontuan izan behar da 27 urte eman ditugula jotzen, eta jende asko gure jarraitzaile izan da gaztetatik. Horietako asko gu berriro ikusteko gogotsu izan dira azken urteetan, eta gaur [zapatuan] hemen [Gernikan] izango dira». Gazteak ere baziren Rock&Rallyan, lekeitiarren kontzertuan, publikoaren artean. «Horietako askok, gure abestiak entzunda izan arren, zuzenekoa ikusteko aukera izango dute lehenengoz».
Etsaiak talde lekeitiarreko kideak, Gernika-Lumoko Rock&Rallyn
Uda honetan emango duten zuzenekoak gozatzeko modukoak izatea dute helburu: «Gure punturik indartsuena beti izan da zuzenekoa. Zortzi disko atera ditugu, baina Etsaiak zuzeneko taldea izan da beti. Bortitza, musika azkarra egiten duena, eta mezu zuzenagaz».
Eta kanta azkar eta zuzen horiek izan ziren zapatuan entzun zirenak, euren historiako kantuak. «Disko bakoitzeko bi-hiru kanta aukeratu ditugu; beraz, kontzertuetan jendeak historiaren laburpen bat ikusi eta entzungo du».
Gero gerokoak
Hurrengo hilabeteetan emango dituzten beste lau kontzertuak berriro kontaktua hartzeko izango dute baliogarri. «Behetik hasi eta gora egin nahi dugu, apurka-apurka. Printzipioz, gure asmoa da kontzertu onak, handiak eta politak ematea». Herrialdeka ari dira lotzen zuzenekoak. Hurrengoa, esaterako, Donostian emango dute, uztailaren 16an, eta Araban, Gasteizen joko dute, txosnetan.
Taldeari buruzko dokumentala ere grabatuta dute, baina oraindik ez dute kaleratu. Zatika ari dira ezagutzera ematen film luzearen edukia, eta zapatuko Rock&Rallyan grabatutako irudiekin osotu gura dute.
Oraingoz, kontzertuak eman eta nola sentitzen diren ikusi nahi dute; «gero, ikusiko da zer gertatzen den».