Ager Solabarrieta eta Maite Badiola tiratzaile ondarrutarrek Euskadiko Tiro Olinpiko egokituko bigarren jardunaldian parte hartu dute asteburuan. Solabarrietaren iritziz, ez zuten egun ona eduki, eta horrenbestez, bigarren postuagaz konformatu behar izan zuten. “Karabina berriagaz hasi naiz beharrean orain gutxi, eta oraindik ere, ohitzen ari naiz arma berrira. Egia esan, ez nago nire mailarik onena ematen, baina normala da”.
Hain zuzen ere, apirileko jardunaldian baino zortzi puntu gutxiago lortu dituzte Donostian; 554, guztira. “Zortzi puntuko diana ugari egin nituen, eta zazpiko pare bat ere egin nituen. Nire ohiko bataz bestekoaren azpitik ibili nintzen”.

Ager Solabarrieta Maite Badiola aurreko jardunaldian, lehiatzen. Argazkia: Kirol Egokituen Euskal Federazioa
Puntuazioa orain artekorik onena izan ez bazen ere, Solabarrieta nahikoa lasaia ibili zen. Izan ere, apirileko lehen jardunaldian irabazi eta gero, zuzenean Espainiako txapelketarako sailkatu zen. “Alde horretatik nahikoa lasai joan nintzen, presiorik gabe”.
Tiratzaile ondarrutarra azken 10 urtetan karabina berdinagaz aritu da txapelketetan parte hartzen, eta berrira egokitzea zer edo zer kostatu egingo zaiola aitortu du. “Nire entrenatzailearen arabera, zortzi bat hilabete beharko ditut arma ondo ezagutu eta behar bezala erabiltzeko. Lehengoaren aldean pisu eta egitura desberdina ditu, eta funtzinamendua ere erabat aldatzen da”.
Hurrengo jardunaldia ekainaren bukaeran izango dute Solabarrietako eta Badiolak. “Ordurako hobeto ibiltzea espero dugu”.