Galarrena Ez Itxi – Galarrena Libre lelopean 200 lagunetik gorako giza kate luzea egin zuten joan den domekan, Lekeition. Galarrena eta beste 110 herriko tabernen eta sumario horretan dauden pertsonen kontrako sententzia salatu zuten.
Galarrena ez ixtea eskatzeko domekan Lekeition egin zuten giza katea. Argazkia: Galarrena Elkartea
“Sententziaren errekurtsoa noiz atetako zain badaude ere, momentuz, lau pertsona kartzela zigorrera eta herriko tabernak ixtera kondenatuta daude. Horregatik, elkartasunetik konpromisorako saltoa emateko garaia dela irudikatu genuen giza kateagaz, eta hemendik aurrera, Galarrena libre nahi dugula aldarrikatzen jarraituko dugu ekimen ezberdinekin”, esan dute Galarrena elkartekoek.
Ekimenetan parte hartu nahi duenak Galarrenara gerturatzea baino ez du izango, bertako panelean jarriko dituzte eta ekintza, deialdi zein egiteko ezberdinen berri. Horretaz gainera, herritarrei adi egoteko deia luzatu diete, errekurtsoaren ebazpena edozein unetan etor daitekeelako. “Une hori iritsiko balitz, berria herrian zehar zabaldu eta herritarrak Galarrenara gerturatzera gonbidatzen ditugu”.