Ikasturte honetako azken multikirol topaketak egingo dituzte Lekeition
Zapatuan egingo dira ikasturteko azken multikirol topaketak. Arrauna egingo dute Isuntzaren eskutik LH1 eta LH2ko ikasleek eta skate-arekin trebatuko dira Komando Ranpa Bakogaz, LH3 eta LH4 mailetako gazteak.
Hirugarren urtez, Lekeitioko udalak, Multikirol Proiektua abiarazi zuen 2014 urriaren 18an eta ikasturte honetan, bederatzi topaketa antolatu dituzte urritik ekainera bitartean.
Multikirol Topaketak Lekeitioko Udaleko kirol batzordeak sustatutako proiektua da, udalak onartutako kirol irizpideen ondorioz sortutakoa, eta berriz ere, herriko kirol talde eta ikastetxeen babes osoa izan duela aitatu dute antolatzaileek. “Udal Multikirol proiektua egonkortuta egoteaz gain, urtetik urtera hasten doan egitasmoa da. Proiektuak, lekeitioko eta inguruko herrietako umeak elkar ezagutzea ahalbidetzen du: ikastetxeetako zatiketa gainditu, eta ikastola zein eskoletako umeak elkarrekin aurkitzeko gune bat izan nahi du”, esan dute.
Bost dira, batez ere, Udal Multikirol proiektuaren helburuak:
-
LH 1-2-3-4 mailetan umeek kirol ugari landu eta ezagutu ditzatela. Adin aproposa da oinarrizko gaitasun fisikoak lantzeko eta kirol ezberdinak dituzten trebetasunak ezagutzeko, bizitzeko eta ikasteko.
-
Lehiaketara bideratutako kirola ez egitea bakarrik maila hauetan. Entrenamendua, partidua eta emaitza triangelua apurtzea. Nagusien eta telebistako eredutik urruntzea.
-
Topaketa ereduaren alde egin nahi dugu adin hauetan. Parte hartze zabala, maila eta gaitasun ezberdinak dituzten umeak elkarrekin aritzea, emaitzak garrantzia galtzen du, gurasoen parte hartzea posible da, jai giroa dago.
-
Herrian dauden kirol aukera guztiak ezagutu. Herriko kirol taldeak gure proiektura ekarri eta umeak ez banatu kirol taldeetan adin hauetan.
-
Balio indibidualak eta batez ere balio sozialak landu jolas eta kirolen bidez. Pertsona sozialak gara eta gure harremanetarako egokiak izango diren balioak ezagutarazi eta garatu behar ditugu gure ikasle eta alaba-semeetan (errespetua, elkarlana, elkartasuna…).
Betiko modura, izena emateko kirolbatzordea@gmail.com era idatzi beharko da edo 658 750 714 telefono zenbakira deitu.
Mendi irteera, herri kirola, pilota, baloi jolasak, atletismoa, arrauna, eta hondartza jolasak egiteko aukera izan dute ume eta gazteek aurtengo ikasturtean herriko hainbat talderen eskutik: Lumentza Mendi Taldea, Akarregi Pelota Taldea, Marierrota Boleibol Taldea, Lekeitioko Futbol Taldea, Lekeitioko Saskibaloi Taldea, Tximista Atletismo Taldea, Garraitz Triatloi Taldea, Isuntza Arraun Elkartea, Dzanga Piragua Taldea.