Argazkilaria: Bizkaiko Bertsozale Elkartea.
Munitibartarrak bigarren egin zuen bat-bateko Bizkaiko Eskolarteko txapelketan, zapatuan, eta orduan lortu zuen Euskal Herriko finalerako txartela. Hala, ekainaren 27an Orion egingo duten finalean ariko da bertsotan Ondaro.
Igorreko Kiñu gaztetxean egin zituzten idatzizko zein bat-bateko finalak. Halaber, Oinak buruan lelopean, Bertso Eskolen eguna ere ospatu zuten bertan Bizkaiko bertso eskoletako kideek.
Lehenengo idatzizko finala egin zuten, eta ostean, bat-batekoa. Ondarogaz batera, Iker Garitagoitia Astigarraga
Igor Galartza Intxausti, Lur Ziarrusta Intxaurtza, Paule Loizaga Legarra, Peio Azkarate Elejabarrieta, Txaber Altube Sarrionandia
eta Unai Mendiburu Val bertsolariak aritu ziren finalean.
Hain zuzen ere, munitibartarra eta Altube sailkatu ziren buruz-burukora, eta Altubek puntu gehiago lortu zituenez, hura da Bizkaiko Eskolarteko txapelduna. Unai Iturriaga bertsolariak eta Bizkaiko Bertsozale elkarteko kideak jantzi zion txapela.
Finalaren ostean, Kiñu gaztetxean bildutakoek elkarrekin bazkaldu zuten, giro ederrean. Eta Bertso Eskolen eguna behar bezala amaitzeko, arratsaldean Oskar Estangaren erromeriagaz dantzan eta kantuan ibili ziren.