Ugaitz Alegria ondarrutarrak 'Aitaren etxea' telesailean parte hartuko du
Telesaila udazkenean hasiko dira ematen. Grabaketa saioak uztailaren 10ean amaituko dituzte. 'Aitaren etxea' ez da Alegriak eskuartean darabilen proiektu bakarraUgaitz Alegria aktore ondarrutarra EiTBk udazkenean estreinatuko duen Aitaren etxea telesai...
Telesaila udazkenean hasiko dira ematen. Grabaketa saioak uztailaren 10ean amaituko dituzte. ‘Aitaren etxea’ ez da Alegriak eskuartean darabilen proiektu bakarra
Ugaitz Alegria aktore ondarrutarra EiTBk udazkenean estreinatuko duen Aitaren etxea telesailean parte hartzen ari da. Ondarrutarrak «paper txikia» beteko duela dio, eta grabaketetan «gustura» dabilela azaldu du.Proiektu berriaren aurrean, «pozik» dagoela dio Alegriak. «Nirea paper txikia da, baina hor gabiltza», gaineratu du.
Aitaren etxea 1955ean, frankismo garaian kokatuta dagoen telesaila da. Horretan bi familia dira nagusi: famili abertzalea (Zelaiatarrak) eta frankista. Familia abertzaleko mutil gaztea (Ander Azurmendi aktoreak interpretatzen duen pertsonaia), herriko alkate frankistaren (Kandido Uranga) alabagaz (Loreto Mauleon) maitemintzen da. «Argumentu nagusia hori da», dio Alegriak. Familia abertzaleko anaia bikiak lantoki batean lan egiten dute. «Anaia horiek, Zelaiatarren familiako kideak, nik interpretatzen dudan pertsonaiagaz lan egiten dute». Manu izeneko pertsonaia interpretatzen du ondarrutarrak.
Telesaila Echegui izeneko herrian kokatuta dago. «Echegui fikziozko herri bat da, Goenkalen Arralde den moduan». Alegriaren pertsonaia eta gainerako langileak garai hartako langileen borrokan dauden murgilduta. «Ordu asko sartzen ditugu, makineria ere ez dago egoki, lan istripuak gertatzen dira… Horiek guztiak dira gure borrokagaz konpondu nahi ditugunak». Errealitate horren aurrean, lantokiko beharginek «erresistentzi talde» bat osatzen dute.
Herriko alkate frankista, baina, lantoki horretako bazkide ere bada. «Tarteka lantokian ere agertzen da».
Hortik aurrera gertatzen dena, baina, udazkenetik aurrera jakingo da.
Aktoreei dagokienez, Alegriagaz batera, Miren Gaztañaga (Karmele), Iñigo Aranburu (Inaxio) eta Anartz Zuazua (Tomas) dira erresitentzia talde horretako kideak.
Teknikoki «oso landuta»
Aitaren etxea telesail bat bada ere, film baten parte hartzen duten teknikariak ere badabiltza taldean. «Egia esan, filmetako alor teknikoa ere beharrean ari da gugaz; telebistatik eta zinema mundutik ezagutzen ditudanak dabiltza Aitaren etxean beharrean», azaldu du Alegriak. «Nahasketa moduko bat da telesaila».
Grabaketa lekuei dagokienez, telesaila grabatzeko kokapen naturaletan dabiltzala dio ondarrutarrak. «Benetako hotel batean grabatzen gabiltza (Zestoa), lantokia ere Legazpin dagoen aitzinako eraikin bat da…» Orokorrean, Hondarribia, Legazpi, Zestoa, Donostia eta Zumaia-Itziar inguruetan dabiltza grabaketak egiten. «Produkzio aldetik oso ondo landuta dago».
1955. urtean kokatutako telesaila izanik, janzkera eta pertsonaien hizkera ere garai horretara egokituta daudela dio Alegriak. «Nire pertsonaiak Hitanoa erabiltzen du; niri nahikoa zaila egiten zait hikaz hitz egitea, baina saiakera asko eginda, lortzen dut».
Grabaketak aipatuta, maiatzaren 18an hasi ziren grabatzen, eta uztailaren 10ean amaituko dute.
Cabaret Chichinabo
Baina Aitaren etxea ez da Alegriak eskuartean darabilen proiektu bakarra. Izan ere, grabaketa saioetan parte hartzeaz batera, Glu Glu konpainiagaz batera Txanogorritxu han eta hemen antzezten ere badabil. Eta hori gutxi ez eta Cabaret Chichinabo antzerki musikala ere prestatzen dabil. «Cabaret Chichinabo-n Cabaret Chihuahuan parte hartu genuenok gaude. Eta hori Bilboko Aste Nagusian estreinatu nahi dugu». Horretan, gainera, Iñaki Maruri aktore ondarrutarrak ere parte hartzen du. «Maruri, aktore izateaz gain, Cabaret Chichinabo-ko musika zuzendaria ere bada, eta ni dantza arduraduna; koreografiak prestatzen nabil».
Horrela ba, Aitaren etxea estreinatu orduko, Alegria, beste leku asko eta askotan ikusteko aukera egongo da.