Busturialdeko mugak gainditu eta helburuak bete ditu Rock&Rally-ak
Leku askotik heldutako eta adin ezberdineko jendea batu du. Oso pozik daude antolatzaileak erantzunagaz, eta hurrengorako ere gogotsu daudeJendeak ondo erantzun dio Rock&Rally jaialdiari, eta emaitzarekin pozik daude antolatzaileak. Apustu ezberdin...
Leku askotik heldutako eta adin ezberdineko jendea batu du. Oso pozik daude antolatzaileak erantzunagaz, eta hurrengorako ere gogotsu daude
Jendeak ondo erantzun dio Rock&Rally jaialdiari, eta emaitzarekin pozik daude antolatzaileak. Apustu ezberdina egin dute aurten, eta hasieran zehaztutako helburuak bete dituztela esan dute Iparragirre Rock Elkarteko kideek. «Busturialdetik kanpoko taldeak ekarri ditugu, eta jaialdiak eskualdeko mugak gainditu ditu aurten», esan dute. Ipar Euskal Herritik, Iruñetik, Madrildik… erosi dituzte sarrerak, eta, publiko zabalarengana heldu dira. Jatorria ez ezik, adin tarte ezberdineko musika zaleak batu zituen Rock&Rallyak zapatuan.Blaster M eta Backbone talde gernikarrek zabaldu zuten jaialdia, eta haienak izan ziren Astrako aparkalekuan entzun ziren lehen abestiak, 17:15etik aurrera. Nafarroatik heldutako Aberri Txarrak taldea izan zen hurrena jotzen, eta ordurako, publiko gazteagaz betetzen hasia zen Astrako parkina.
Lekeitiotik, eszenatokietara bueltan da Etsaiak taldea, eta jarraitzaile berriak ez ezik, betidaniko zale asko ere izan zituen zapatuan, publikoaren artean. Soziedad Alkoholika gasteiztarrek ere Euskal Herriko eta mugaz gaindiko jendea ekarri zuen, eta bere publiko fidelari ez zion hutsik egin Porco Bravok. «Zapatuan bertan eguraldiak ez zuen lagundu, eta hasiera batean beldur ginen. Baina azkenerako jendea batu zen Astrako aparkalekuan».
Guztira 1.400 sarrera inguru saldu zituztela azaldu dute Rock&Rallyaren antolatzaileek; eta horietatik 500 bat sarrera egunean bertan saldu zituztela esan dute.
Jaialdiaren balorazio orokorra oraindik ez dute egin, baina irabaziak izango dituztelakoan daude antolatzaileak. Gastuak ere handiagoak izan dira aurten; hala ere, balorazio orokorra positiboa izango dela esan dute: «Helburuak sobera bete ditugu».
Antolatzaileak legez, jaialdian izan zirenak ere gustura atera ziren Astratik. Eta taldeak eurak ere pozik joan zirela azaldu dute Iparragirre Rock Elkartekoek. «Tratuagaz eskertuta agertu dira. Gure lana boluntarioa da, ez gara jaialdiak antolatzen dituzten profesionalak. Hala ere, haiekin izan dugun jarreragaz oso pozik azaldu dira. Aipatu digutenez, antzeman izan dute jaialdia antolatu dugunok ere musikariak garela, eta talde batek zer behar duen jakin badakigula».
Indarrak berrituta
Beste alde batetik, antolatzaileen iritziz, komertzialak ez diren taldeekin ere musika jaialdi on bat antolatu daitekeela erakutsi du aurtengo Rock&Rallyak. Atzetik lan handia izan dutela aitortu dute, baina jaialdia eginda, indarberrituta eta gogotsu atera direla esan dute.
Hala, dagoeneko hurrengoari begira daude Iparragirre Rock Elkarteko kideak.