Domekan [ekainak 14] 34. Umeen Euskal Jaia egingo dute Mutrikun. Aurten gainera, zentzu berezia izango du jaiak. Gure Ametsa Dantza Taldeak 50. urteurrena ospatzen jarraitzen du, eta domekan taldeko gazteenek zer ospatu izango dute. Herritar guztiak ekimenetan parte hartzera gonbidatu dituzte.
Dantza taldeko kideek nabarmendu dutenez, domeka heltzeko desiratzen daude, batez ere, txikienak. Urte osoan ikasitako dantzak kalera ateratzeko aukera izango dutelako. Guztira, Euskal Herri osotik etorritako 300 bat dantzari batuko dira, horietatik 110 mutrikuarrak.
Gure Ametsa dantza taldeko gaztetxoak iazko Malen Txiki Egunean
Mutrikuko Gure Ametsa dantza taldeko kideez gain, beste sei talde ibiliko dira kalerik kale dantzan: Markina-Xemeingo Zerutxu, Lekeitioko Etorkizuna, Durangoko Tronperri, Ermuko Txindurri, Zarauzko Jalgi eta Oñatiko Oinatz. Denak ere, Alboka tabernaren aurreko parkeko topaketan batuko dira.
Antolatzaileek adierazi dutenez, urtero topaketan parte hartzen duten taldeez gain, Lekeitioko Etorkizuna eta Durangoko Tronperri dantza taldeko kideek estreinakoz etorriko dira. Era berean, aspaldiko urteetan etorri gabe egon eta gero, Oñatiko Oinatz taldeko kideek ere parte hartuko dute.
Gure Ametsa dantza taldeko gazteak iazko Malen Txiki Egunean
Topaketa eta gero, kalerik kale ibiliko dira, eta goizeko ekimenak Goiko Plazan egingo duten Alardearekin amaituko dituzte. Lehendabizi, talde bakoitzak dantza bat egiteko aukera izango du, eta ondoren, denak batuta dantza erakustaldia egingo dute.
Bapo bazkaldu eta gero, arratsaldean dantzari guztiak kalerik kale ibiliko dira giroa alaitzen. Eguna Beheko Plazan egingo dute erromeriarekin amaituko dute. Gure Ametsa dantza taldekoek, gainera, urteurrenari begira erromeria berezia izango dela aurreratu dute.
EGITARAUA:
10:30. Alboka tabernaren alboka parkean, talde guztiak bilduko dira.
11:30. Herriko kaleetan zehar dantza taldeak kalejiran irtengo dira.
13:30. Goiko plazan, alardea eta dantza erakustaldia.
14:30. Bazkaria.
17:00. Goiko Plazatik Beheko Plazara, denak kalejiran.
Ondoren. Beheko Plazan, erromeria Joxe Mendizabalekin.