Aitzol Etxaburu Artetxe preso politiko ondarrutarra Clairvaix-eko (Frantzia) espetxera lekuz aldatu dutela agertu dute haren senideek. 2009ko abuztuan Alpeetan atxilotu zutenetik Fleury-Merogis-eko (Frantzia) espetxean egon da ondarrutarra, behin-behineko espetxealdian.
Senideek nabarmendu dutenez, aspalditik espero zuten berria izan da. “2014ko otsailean epaitu eta zigortua izan zela esan zigutenean, orduantxe esan ziguten kartzelaz aldatuko zutela. Orain arte atxiloaldi prebentiboan egon da, eta behin kondena jakinda, noiz aldatuko zuten zain geunden”, azaldu du Amaia Etxaburu presoaren arrebak.
Hain zuzen ere, zortzi urteko zigorra ezarri zion iaz Parisko epaitegiak, “lehergailuak egin eta ETA erakundeak Frantziako hegoaldean zituen zuloen kudeaketaz arduratzea» leporatuta.
Aitzol Etxabururen lagun eta senideak, iazko epaiketan
Senideen arabera, aldaketa espero baino beranduago izan da. “Hasiera batean bederatzi hilabeteko epean kartzelaz aldatuko zutela esan ziguten, baina epe hori ondo pasata egin da aldaketa. Aurreko hilabetean eman zioten norako berria, eta herenegun [ekainak 9] aldatu egingo zutela jakitera eman zioten”.
Etxaburu atzo [ekainak 10] ailegatu zen kartzela berrira, eta hara heldu orduko etxekoei telefonotik deitzeko aukera izan zuen. Ondo dagoela esan die senideei.
Kartzela berria aurrekoa baino
askosaz urrutiago dago, 125 kilometro hurrunago. Zehatz esanda, 970 kilometrora dago Ondarroatik. “Bisitan joateko orduan guretzako bidaia luzeagoa eta garestiagoa izango da. Lehen nahikoa ondo komunikatuta zegoen, baina oraingo honetan ez dugu uste horrelako aukerarik izango dugunik”.
Hala ere, Etxaburu egoera hobeagoan egon daitekeela uste dute haren senideek. “Orain arte Europatik bisita motzenak izan ditugu, ordu erdikoak, eta orain bisita luzeagoak izango ditugula uste dugu. Bera ere egoera hobean egon daitekeela espero dugu, gainera. Besteak beste, jarduera gehiago egiteko aukera izan dezake”.