Gure Esku Dago Banderaren aurkezpena, Lekeition.
Zapatu goizean, Arrauna Herrira ekimena egingo dute Abadien moilan, 10:00etatik aurrera. Eguerdian, berriz, udaletxe aurrean banderak bedeinkatuko dituzte. 13:00etan hasiko dute banderen bedeinkazioa, eta amaitzean, Isuntzako arraun taldearen aurkezpena egin, eta talde argazkia aterako dute.
Domekan, berriz, Gure Esku Dagoren I. Bandera lehiatuko dute Lekeitioko uretan. Hain zuzen ere, gizonezkoen Lekeitioko 37. Bandera eta emakumezkoen 5.ena izango da.
ACT mailako, ARC1 ligako eta ARC2 ligako 31 traineruk hartuko dute parte Isuntza Arraun Elkarteak antolatuko duen estropadan. Bost traineru izango dira emakumezkoenak eta 26 gizonezkoenak.
Denetara Bizkaiko eta Gipuzkoako 28 talde egongo dira Lekeition: Arkote, Arraun Lagunak, Bizkaia, Busturialdea, Deustu, Donostiarra, Getaria-Zarautz-Getaria, Getxo, Hibaika, Hondarribi, Iberia, Isuntza, Kaiku, Lutxana, Mundaka, Ondarru, Oiartzun, Orio, Portugalete, Raspas, San Juan, San Pedro, Santurtzi, Trintxerpe, Urdaibai, Zarautz, Zierbena eta Zumaia.
11:30ean hasiko da estropada emakumezkoen erlojuz kontrakoagaz. Ondoren gizonezkoen erlojuz kontrakoa egingo dute 14 traineruk, eta azkenik, gizonezkoen tandak hasiko dira. Lau traineruko hiru tanda egingo dituzte Lekeitioko uretan 12 traineruk, eta tandak osatzerakoan iazko sailkapenak hartuko dituztela kontuan azaldu dute Isuntzakoek.
Estropada amaitu ostean, Independentzia plazako kioskoan emango dituzte banderak Gure Esku Dagoren kideek emakumezkoen eta gizonezkoen traineru irabazleei.