Emakumeen 28. Birako etapa erregina eta azkena Markina-Xemeingo Zelaian hasi eta amaituko da domekan [ekainak 14]. Itxura guztien arabera, gainera, Lea-Artibai ia eskualde osoa zeharkatuko duen 86,8 kilometroko etapak zeresan handia eman dezake. Aditu guztien arabera, bertan erabaki daiteke podiuma eta irabazlea.
Batez ere, mendian ondo moldatzen diren txirrindularientzako jardunaldi egokia izango da Markina-Xemeingoa. Hain zuzen ere, mendiko sarirako puntuagarriak diren sei puntutik hiru, domekako etapan ageri dira: Gontzegaraigane (3. mailako mendatea), Milloi (2. mailako mendatea) eta Lekoitz (2. mailakoa). Mendate puntuagarriez gain, tarteko bi helmuga ere izango ditu etapak: Oletan 27,6. kilometroan eta Erdotzan 52. kilometroan.
Nazioarte mailan goi-goian dabiltzan txirrindularirik onenak ikusteko aukera egongo da. Guztira, 13 taldetako 125 partehatzaile izango dira bertoko errepideetan lehian.
Irteera neutralizatuagaz hasiko da 11:00etan lasterketa. Txirrindulariek Artibai kaleari buelta bat emango diote lasai-lasai, kontroleko autoaren atzetik, eta ostean hasiko da benetako lehia, Olibondo paretik igarotzean. Handik, Ondarroa aldera joango dira. Behin Ondarroara helduta, pelotoia kostaldeko bidetik joango da, Lekeitiorantz, eta handik Oleta aldera.
Markina-Xemeingo etaparen aurkezpena
Oletatik Munitibarreraino ailegatuko dira, eta Gontzegaraiganetik Ziortza-Bolibarrera ailegatuko dira. Iruzubieta igarota, Markina-Xemeinera bueltatuko dira, eta herritik igaroko dira txirrindulariak 12:30ak inguruan. Handik Milloi igaro beharko dute, eta Oletatik Aulestira joango dira. Etapa Lekoitz igo eta jaitsita amaituko da Markina-Xemeinen, 13:25ak inguruan.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, errepideak txirrindulariak igaro eta jarraian irekiko dira, 20 minutura gehienez jota. Bidegurutzeak zaintzen hainbat boluntario egongo dira.