Bihartik [ekainak 13] hasi eta astelehenera [ekainak 15] bitartean Pazko jaiez gozatzeko aukera egongo da Amorotoko Oleta auzoan. Jai batzordeko kideek herritar guztiak jaietan parte hartzera gonbidatu nahi izan dituzte.
Iazko tortilla txapelketa. Argazkia: Oletako Jai Batzordea
Biharko [ekainak 13] eguna lagunartean hasiko dute, zelaiaren bueltan egindako tortilla txapelketagaz. Gauean talde ezagunak ariko dira zelaiko oholtza gainean, eta horiekin batera, talde hasiberriek ere ezagutzera emateko lekua izango dute: Lekeitioko eta Amorotoko kideek osatutako Blup! taldeak, esaterako.
Kontzertuez gozatu nahi dutenek Gababus zerbitzua izango dute aukeran. Horrez gain, 22:00etatik 06:00etara Lekeitiotik etengabeko autobus zerbitzua egongo da, Eskolapetik irtenda.
Amorotoko Arta Nagusi dantza taldeko kideen saioa. Argazkia: Oletako Jai Batzordea
Etzi [ekainak 14] beti-betiko ohituretara buelta egiteko tartea egongo da. Goizean euskal dantzak eta arratsaldean, Berriatuak eta Mendarok giza proba dema egingo dute. Iluntzean, ostera, euskal erromeria irudikatu nahi dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Giroa alaitzen, Euskal Herriko trikitilari txapeldunak egongo dira.
Astelehenean [ekainak 15] ere ez da jairik faltako. Arratsaldean txikienen tartea izango da, eta gauean, betiko ohiturei eutsita, Egan taldearen kantaldia egongo da; jaietako klasiko bat. Gauerdian, ohitura den legez, gizonek eta emakumeek
striptease-a egingo dute.
Gauean Oletara joan nahi dutenek Lekeitiotik autobus zerbitzu etengabea izango dute, 22:30etik 00:00etara. Bueltarako ordua, 02:30etik 04:00etara izango da.
Oletako jaiak, egitaraua