Etzi amaituko den Emakumeen Bira etxetik gertu pasatu eta amaituko denez, bertatik bertara ikusteko aprobetxatuko dute Amaia Malaxetxebarria (Munitibar, 2000) eta Deiene Arantzeta (Berriatua, 1999) txirrindulari gazteek.
Emakumezkoen CAF txirrindulari taldeko kideak dira biak, eta biei ilusio handia egingo lieke urte batzuk barru Emakumeen Biran parte hartu ahal izateak. «Gustatu bai, baina oraindik horra heltzeko asko daukagu ikasteko», esan du irribarrea ahoan Malatsetxebarriak.
Hala, momentuz, Emakumeen Biran parte hartzen duten txirrindulari profesionalak gertutik ikusteagaz konformatzen dira. Arantzetak, esate baterako, batzuen ibilbide profesionala gertutik jarraitu du. Marianne Vos holandarra –aurten ez du Emakumeen Biran parte hartzen– eta Pauline Ferrand Prevot frantziarra dira, adibidez, miresten dituenak.
Arantzeta etzi Markina-Xemeinen egingo duten azkenengo etapan sariak banatzen egongo da: «Aurreko urteetan ere banatu izan ditut sariak, eta aurten etxetik hurbil amaitzen denez, entrenatzaileak bertan egon ahalko nuen galde egin zidanean, pozik eman nion baiezkoa».
Lagun artean
Orain, kadete mailan lehiatzen dira biak. Berriatuarra 2013az geroztik dago CAF?taldean, eta kadeteen bigarren urtekoen mailan dago. Munitibartarra, berriz, aurten sartu da taldean, eta lehenengo urtekoekin ari da.
Guztira, zazpi txirrindulari daude kadete mailan; lehenengo urtekoetan, lau neska daude, eta bigarren urtekoetan, berriz, hiru.
Kadeteetan txirrindulari gutxi dira; beraz, haien artean lagun arteko giroa daukatela nabarmendu dute. Arantzetaren berbetan, «oso ondo» konpontzen dira; «kanpoko lasterketaren batera goazenean, esate baterako, logela batean elkartzen gara denok txutxu-mutxuak kontatzeko».
Izan ere, Euskal Herriko lasterketetan lehiatzeaz gain, espainiar estatuko zenbait lasterketetara ere joaten dira. «Avilan, Zamoran, Galizian, Murtzian… ibili gara aurten», zehaztu du Malatsetxebarriak.
Martxoan hasten dute denboraldia, eta abuztuaren hasieran hartzen dituzte oporrak. Atseden hartu ostean, neguko hilabeteetan egiten dute denboraldiaurrea.
Aurreko asteburuan, esaterako, Sopelan eta Orduñan egon ziren, Bizkaiko eta Euskadiko txapelketen baitako lasterketetan. Munitibarko txirrindularia bietan egon zen, baina Sopelakoak ez zuen amaitu: «Nahikoa gogorra egin zitzaidan, baina biharamunean, Orduñako erlojupekoan, ondo eta gustura ibili nintzen».
Berriatuarrak, berriz, ez zuen lasterketa horietan parte hartu. Ikasketak direla eta, ikasturtea amaitu bitartean geldialdia egitea erabaki duelako: «Azkenengoz, maiatzaren 2an egin nuen Burgosen erlojupekoa, eta, geroztik, ez dut lasterketarik egin, baina udan, bueltatzeko asmoa eta gogoa daukat».
Izan ere, adineko beste kirolarien moduan, ikasketekin uztartu behar dute zaletasuna. Baina gogoko lekuan aldaparik ez dagoenez, pozik daude.
Biek mutil eta neskez osatutako taldeetan egin zituzten hastapenak, eta orain emakumeez bakarrik osatutako taldeko txirrindulariak dira.
Arantzetari afizioa etxetik datorkio. Benjamin aita txirrindularia izan zen, bai eta bi osaba ere. Kontatu duenez, etxean txikitatik entzun ditu txirrindularitzaren inguruko kontuak.
10 bat urtegaz hasi zen Markina-Xemeingo txirrindulari taldean, eta han lehiatu zen ume eta kimu kategorietan: «Hasi nintzen lehenengo urtean, nigaz batera beste neska bat zebilen, baina bigarren urtean utzi egin zuen».
Malatsetxebarria, ostera, Berangoko taldean ibili zen iaz, eta ez zen hango emakumezko bakarra: «Neska eta mutilen taldea da, nire neba Oskar bertako nagusien taldean dabil, eta taldeko kideek eta ingurukoek animatuta hasi nintzen».
Munitibartarrak dio batzuetan nebagaz entrenatzea gustukoa duela, baina gehienetan bere kontura ibiltzen da: «Bakarrik noanean 40 bat kilometro egiten ditut. Batzuetan, entrenamendu gogorragoak egiten ditut; besteetan, lasaiagoak». Hala, etxe inguruan aritzen da, Gernika-Lumorantz edo Lekeitiorantz.
Berriatuarra ere, Lea-Artibai ingurutik ibiltzen da, eta, batzuetan, Gipuzkoa aldera ere joaten da. Azaldu duenez, taldeko entrenatzaileak zehazten die zelako entrenamenduak egin: gutxi gorabehera zenbat kilometro, zenbat taupada…
Badakite entrenatzen jarraituta eta lan eginda etorriko direla emaitzak. Hala, baliteke egunen batean profesional moduan Emakumeen Biran lehiatzea. Momentuz, ikasketak dira bien lehentasuna, baina pedalkadaz pedalkada haien zaletasunean trebatzen ari dira.