Zazpi zinegotziren babesagaz, Koldo Goitia aukeratu zuten zapatuan [ekainak 13] Lekeitioko alkate. Udaletxeko pleno aretoan batutako herritarrek txalo artean jaso zuten alkate izendatu berria.
Alkatea izendatu aurretik, ordea, adineko mahaia eratu zuten; zinegotzirako hautatuak izan direnen artean nagusienarekin eta gazteenarekin. Bi figura horien lekua Andoni Seijook eta Oier Zuberogoitiak hartu zuten.
Adineko mahaia boto kontaketa egiten. Ezkerrean, Oier Zuberogoitia (EAJ) eta eskuman, Andoni Seijoo (EH Bildu).
Behin adineko mahaia, osatuta, hamahiru zinegotziek mahai gainean zuten papera hartu eta alkatea nor izango zen aukeratu zuten. Boto kontaketa egin eta gero, espero modura, Koldo Goitiak jaso zuen botoen gehiengoa: zazpi boto lortu zituen EAJko hautagaiak eta sei boto Andoni Seijoo EH Bilduko hautagaiak.
Jarraian, alkate izendatu berriak Maitane Larrauri aurreko alkatearen eskutik pozik eta irribartsu jaso zuen herriko aginte makila. Pleno aretoan bildutakoek kantuan eta txalo artean zoriondu zuten Goitia.
Koldo Goitia aginte makilagaz
Kargua hartu orduko, esker berba ugari izan zituen alkate berriak. “Niretzako ohore handi bat da hurrengo lau urteetan Lekeitioko alkate izatea. Nire taldeagaz batera zintzotasunez, lekeitiarren arazoei irtenbideak aurkitu, proposamenak egin eta denon artean Lekeitio aurrera ateratzea izango da gure beharra”.
Alkatearen lehen berbak eta gero, Andoni Seijook hartu zuen berba. EH Bilduk hurrengo urteetan “jarrera eraikitzaileari eta zabalari eusten” jarraituko duela azpimarratu zuen. “Gizarte eraldaketarako eta herrigintzarako udala bitarteko garrantzitsu bat bada ere, ez da bitarteko bakarra. Orain arte egin modura esparru eta eremu guztietan beharrean jarraituko dugu. Gure zeregina ez da mugatuko oposizio klasikora, ez da mugatuko ezetzaren zurrunbiloan. Eraikitzen jarraituko dugu gehiengoaren hobebearrez, eta herri eredu aurrerakoiaren alde gabiltzanon lekutik eta ditugun baliabideak erabilita”.
Ordu laurden inguru iraun zuen ekitaldia amaitzeko, Goitiak hartu zuen berba, berriro. Aurreko legealdian gobernuak egon diren talde guztiei eskerrak eman nahi izan zizkien, besteak beste. “Lan asko dugu aurretik. Lekeitiarrek pasa den maiatzaren 24an erabaki bat hartu zuten, eta guk orain horri aurre egin behar diogu”.