Ondarroako preso eta iheslarien kuadrillakoek eta lagunek antolatuta, zapatuan [ekainak 20] Preso eta iheslarien aldeko I. futbito txapelketa egingo da.
Presoen eta iheslarien aldeko lehenengo txapelketa baldin bada ere, antzeko ekimen bategaz lotuta dago. Iaz, Eneko Etxaburu preso politikoaren kuadrillakoek eta lagunek futbito txapelketa antolatu zuten, eta hark izandako arrakasta ikusiaz, aurten ere esperientzia errepikatzea erabaki dute. Oraingoan, ordea, deialdi zabalagoa egitea erabaki dute; herriko preso eta iheslarien lagunen artean antolatuz txapelketa.
Iaz Eneko Etxaburu presoaren alde egindako futbito txapelketa
Aldaketarik ezean, partidak 09:30ean hasiko dira frontoian. Eguraldi txarra egingo balu, ordea, Zaldupe ikastetxeko aterpean egingo litzateke txapelketa. Guztira, 18 taldek eman dute izena txapelketan, eta antolatzaileen esanetan ez da girorik faltako frontoi eta inguruetan. “Denetara 127 lagunek parte hartuko dute txapelketan”, nabarmendu dute.
Zelaigunean jokatzen egongo diren hainbat herritarrez gain, horiek animatzera ere beste hainbeste gerturatuko direla aurreikusten dute antolatzaileek. Denek ere, lagun artean ondo pasatzeko aukera izango dute, eta lehia gutxiengoa izango da.
Hainbeste taldegaz, baina, partida motzak jokatu beharko dituzte, 10 minutu ingurukoak. Lehenengo eta behin, kuadrilla denek jokatuko dute, eta gerokoan, kanporaketak jokatzen hasiko dira 16 onenen artean. Tartean, bazkaltzeko atsedenaldi bat ere egingo da. Nahi duenak, frontoiko inguruetan ipiniko den txosnan eztarriak busti eta gosea asetzeko aukera izango du.
Finalari dagokionez, 19:00etan jokatuko dela aurreikusten da.