Eli Pagolak eta Eñaut Lizasok jantzi dituzte XIV. Plazatik Gaztetxerako txapelak
Hernaniko bikoteak lortu zituen puntu gehien Markina-Xemeinen zapatuan jokatutako finalean. 120 lagun inguru elkartu ziren Akerbeltz gaztetxean finala entzutekoHernanira joan zen zapatuan XIV. Plazatik Gaztetxerako garaipena. Eli Pagola Apezetxea eta E...
Hernaniko bikoteak lortu zituen puntu gehien Markina-Xemeinen zapatuan jokatutako finalean. 120 lagun inguru elkartu ziren Akerbeltz gaztetxean finala entzuteko
Hernanira joan zen zapatuan XIV. Plazatik Gaztetxerako garaipena. Eli Pagola Apezetxea eta Eñaut Martikorena Lizasok batu zituzten puntu gehien Markina-Xemeinen jokatutako finalean, eta irabazleen txapelak jantzi zituzten.120 lagun inguru elkartu ziren Akerbeltz gaztetxean finala entzuteko. 19:00etan igo ziren oholtzara zortzi bertsolariak: Aitor Salegi zestoarra eta Aitor Irastortza zaldibiarra, Eli Pagola eta Eñaut Martikorena hernaniarrak, Amaia Iturriotz eta Mikel Iturriotz urretxuarrak eta Gorka Maiz eta Aratz Igartzabal gabiriarrak. Plazatik gaztetxeran ohikoa den legez, agur bereziekin eman zioten hasiera saioari, eta oraingoan ere, ez zen falta izan kantuen bertsio, dantza mugimendu eta hizketarik.
Zortziko handian, zortziko txikian, kopletan eta puntu erantzunean jardun ostean, epaileek eta publikoak emandako puntuei esker Aitor Salegik eta Aitor Irastorzak eta Eli Pagolak eta Eñaut Martikorenak lortu zuten bigarren faserako pasea.
Buruz burukoan bi ariketa egin behar izan zituzten: hamarreko txikia eta kartzelako lana. Kartzelako lanean gaia gai jartzaileak eman beharrean abesti bat entzun zuten bertsolariek Berri Txarrak taldearen Oihu. Lan puntuagarriak bukatuta, Eli Pagola eta Eñaut Martikorena bihurtu ziren XIV.Plazatik Gaztetxerako bikote txapelduna.
Egun osoko jaia
XIV. Plazatik Gaztetxeko finala, baina, egun osoko jaia bihurtu zuten txapelketa antolatzen ibili diren zazpi gazte asanbladek. 12:00ak pasatuta hasi zuten festa Markina-Xemeingo kaleetan zehar bertso triki poteoa eginez. Maialen Alkizu, Jon Gurrutxaga, Maider Arregi eta Gemma Urteaga bertsolariek egin zuten kantuan txokoz txoko. Ibilaldia amaituta, gaztetxerako bidea hartu zuten gazteek Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak prestatutako bazkaria jateko.
Bazkalostean ere ez zuten denborarik galdu. Soraluzeko Gazte Asanbladakoek eramandako jolasei esker, kantu, hitz ezkutu, bertso imintzio eta barre algarekin girotu zuten finala hasi arteko tartea.
Behin finala amaituta ere aurrera egin zuen jaiak. Fan & Go erromeria taldeagaz gaua luzatzeko aukera izan zuten Akerbeltz gaztetxean geratu zirenek.