Munduko txirrindulari onenak herrian egon izana «ohore handia» izan dela azpimarratu dute, eta datorren urtean berriro ere herrian egoteko ahalegina egingo dutela aurreratu dute, «emakumeen kirola jomugan jarriz».
Emakumeen Birako irabazleak Zelaiko helmugatik pasatuta.
Orokorrean, balorazio positiboa egin du udalak, baina, antolakuntzako motor gidari bat nahastu izanaren ondorioz, txirrindulariak herriaren erdigunetik pasatu beharrean saihesbidetik igaro zirela azaldu dute. Eta argi utzi nahi izan dute hutsegitea ez zela Markina-Xemeingo Udalarena izan, antolakuntzakoena baizik.
«Akats hori alde batetara utzita, Emakumeen Birako etapa oso ondo antolatuta egon zen», esan dute. Hori dela eta, Emakumeen Bira antolatzen lagundu zuten guztiei eskerrak eman dizkiete. «Errepideetako bidegurutzeetan egon ziren boluntarioei, Markina-Xemeingo Txirrindulari Taldeari etapak ongi irteteko egin zuten lanagatik; herritarrei, jasan dituzten trafiko aldaketengatik eta bestelako eragozpenengatik, eta udaletxeko langileei, etapak ongi irteteko egindako lanagatik».