Muxikako mendietatik korrika
Areatzatik Areatzara mendi martxa eta mendi lasterketa egin dituzte zapatuan mendizaleek: Laura Veronica Carrillo eta Joanes Goitisolo izan dira helmugara ailegatzen lehenengoak.M endiaz gozatzeko hainbat era daude. Jende gehienak nahikoa du tontor bat...
Areatzatik Areatzara mendi martxa eta mendi lasterketa egin dituzte zapatuan mendizaleek: Laura Veronica Carrillo eta Joanes Goitisolo izan dira helmugara ailegatzen lehenengoak.
M endiaz gozatzeko hainbat era daude. Jende gehienak nahikoa du tontor batera iritsi eta besoak gerrian jartzea ingurunea begiztatuz, hauspoa berreskuratzen duten bitartean. Beste batzuentzat, ordea, mendi bakarra ez da nahikoa izaten, eta, gainera, oinez egin beharrean, korrika igotzen dituzte aldapak.Urdaibai Kopa
Pasaden zapatuan Areatzara hurbildu ziren mendizale guztiek bost mendi eta 19,5 km-ko luzeera zuen ibilbidea bete behar izan zuten.
Duela hamar urte mendi martxa bezala hasi zen, baina azken hiru urteetan Urdaibai Koparako puntuagarria den mendi lasterketa ere egiten da.
Mendiko lasterketen eskualdeko kopa sei probaz osaturik dago. Areatzakoa azken aurrekoa izan da, eta azkenengo proba, berriz, Foruan egingo da, irailean.
Eguraldiak ez zuen askorik lagundu, baina, hala ere, 97 lagun batu ziren mendi martxan eta beste 51 lasterketan. Aitor Bilbao antolatzailearen hitzetan, dena «primeran» joan zen. «Jendeak oso pozik bukatu zuen, bai ibilbideagaz bai eta antolakuntzagaz ere». Paraje ezin hobeak ziren mendi zaleentzat, nahiz eta ibilbidea oso gogorra izan Bilbaok aitortu duenez.
Carrillo, lider
Lasterketan bi kirolari gailendu ziren besteen aurretik: nesketan Laura Veronica Carrillo, eta mutilei dagokienez, Joanes Goitisolo izan ziren denbora gutxien behar izan zutenak. Carrillo Urdaibai Kopako liderra da sailkapen nagusiari dagokionez, eta eskura dauka azken garaipena. Joanes Goitisolo gernikarraren kasuan, aurten, euskal eta espainiar kopetan parte hartzea nahiago izan du, eta lasterketa hori izan da kopan lehiatu duen lehenengoa. «Hasieratik erritmo gogorra ezarri nuen, eta, ostean, Imanol Goñigaz batera, bukaera arte eutsi nuen», azaldu du Goitisolok.