Berton egindako 11 programa dakartza Radixu Irratiak
Estudioak berritzeagaz batera, eskaintza eraberrituta bueltatu dira Ondarroako Radixu Irratiko kideak. Elizako kanpandorrean sortutako 11 irratsaioak inoiz baino ozenago eta gogotsuago datoz.105.5 FM katea sintonizatzen duten herritarrek beti-betiko ha...
105.5 FM katea sintonizatzen duten herritarrek beti-betiko hainbat programa entzuteko aukera izango dute, 08:00etatik 24:00etara, egunero. Herrian bertan ekoiztutako programez gain, Arrosa Sareko hainbat programek osatzen dute eskaintza berria.
Denetarikoak
Radixuzaleek denetariko programa propioak entzuteko aukera izango dute beste urte batez. Hainbat urte antenan dirauen Azken mohikanoak magazine ezagunaz gain, musika jorratzen duten hainbat programa daude aukeran: biniloei buruz hitz egiten duen Binilo artin galdute, blus musikari buruzko Kritikal blues, Rusia eta inguruetako musikari buruzko Sputnik, reggae musikari buruzko Time to roots edo heavy eta rock musikaren inguruko Terranobako salau.
Horiez guztiez gain, Kafe ole umorezko solasaldia, Ondarroako preso eta iheslarien Ein daigun bidi tartea eta bidaien buruzko Erozemat ere entzuteko aukera egongo da.
Era berean, domeketan 22:30etatik 00:00etara arraunari buruz astero egiten den Toleta apurtu programak, Kontxako bandera jokatu bitartean, inguruko arraunlarien hainbat kontakizun ekarriko ditu irratia pizten dutenen etxeetara.
Teknologia berriez baliatuta, gainera, irratsaio horiek munduko txoko guztietan entzuteko aukera dago, www.radixu.info webgunearen bitartez. Zuzenean ez eze, gustukuen dituzten irratsaioak berriro entzuteko aukera zabala ere eskaintzen du webguneak postcast-en bidez.