2 eta 1 irabazi zuen finalaurrekoko lehen buelta Galdakaon eta tantutan ere alde handia atera zuen. Gainera, herrian jokatuko dute, Markina-Xemeinen. Beraz, huts handia egin beharko lukete ekainaren 26an Bilbon izango den finalean ez egoteko.
Gorosabel eta Pujana eta Albizu eta Zenarruzabeitiaren arteko partida.
Hala ere, oinak lurrean dituzte, eta finalerako esperantza badaukate ere, finalagaz pentsatu aurretik Galdakaori irabazi egin behar diotela esan du Peio Urionabarrenetxea taldeko entrenatzaileak. Partida 10:45ean izango da domekan, herriko frontoi nagusian.
Herriartekoagaz gainera, beste hitzordu garrantzitsu bat ere izango du Markina-Xemeingo taldeak asteburuan. Bihar, Berria txapelketako finalaurrekoa jokatuko dute Iruñeako Hoberena taldearen kontra. «Kanporaketa gogorra izango da, hoberena Euskal Herriko talde onenetakoa da-eta», nabarmendu du Urionabarrenetxeak. Hala ere, garaipena eskuratzeko gogor borrokatuko dutela azpimarratu du.
Markinako finalak
Joan den domekan jokatu zuten, bestalde, Markinako 38. Txapelketa. Urtero modura, esku pilota zale asko batu zen Markina-Xemeingo frontoi txikian bost mailetako partidak ikusteko.
Iazko modura, Urkidi anaiek jantzi zituzten haurren mailako txapelak Aldazabal eta Pereirari 18 eta 5 irabazi ondoren. Umetxoen mailan, Calvo eta Alvarezentzat izan zen garaipena. 18 eta 15 irabazi zieten Egurrola eta Josebari partidu polit baten ostean.
Tantu bakarreko aldeagaz bihurtu dira 2015eko txapeldun Sololuze eta Etxebarrieta. 18 eta 17 irabazi zieten Urrutia eta Etxebarriari norgehiagoka estu baten ondoren. Bestalde, Arrate eta Gomez geratu ziren txapeldun gazte mailan Onagoitia eta Barinagarrementeriari 22 eta 17 irabazita.
Azkenik, Gorosabel eta Pujanarentzat izan ziren nagusien mailako txapelak. Garaileek erraz hartu zituzten menpean Albizu eta Zenarruzabeitia 22 eta 9 irabaziz.