Bigarren mailako
Numancia futbol taldeko lehen taldea zuzenduko du Jagoba Arrasate entrenatzaileak. Soriako (Espainia) klubak hurrengo denboraldirako fitxatu du berriatuarra.
Realeko entrenatzaile ohiak, gainera, eskarmentu handiko laguntzaileak izango ditu: Bittor Alkiza, Manolo Cano, Sergi Perez eta Fran Sanz.
Arrasateren aurkezpena Los Pajaritos-eko prentsa aretoan. Argazkia: CD Numancia
Asteon izan da fitxaketaren berri eman duen aurkezpena Numancia Los Pajaritos prentsa aretoan. Martitzenean [ekainak 16] Francisco Rubio klubeko presidenteagaz eta Cesar Palacios kirol zuzendariagaz batera aurkeztu zuten Arrasate. Hantxe izan ziren bere laguntzaileak ere.
Arrasatek aurkezpenean egindako adierazpenen arabera, Soriako taldean “gauza garrantzitsuak” lortzeko asmoa du. “Gure helburua ahalik eta talderik lehiakorrena egitea da, gauza politak egin nahi ditugu. Talde hau gorago jartzeko asmoagaz etorri gara”.
Arrasate eta bere laguntzaileak entrenamendu bat jarraitzen. Argazkia: CD Numancia
Numanciako entrenatzaile berriak Liga Adelanten esperientziarik ez baldin badu ere, ondo ezagutzen duen maila da. “Ahalik eta hobetoen” egokitzeko ahalegina egingo duela nabarmendu zuen.