Sanjoanak antolatzeko asmoz, azken hilabeteetan neke barik lanean aritu da herriko jai batzordea. Beste urte batzuetan baino lan gehiago izan dute aurten. San Joan Eguna eguaztenean jausi denez, zortzi egun izango dituzte ospakizunetarako, eta egun guztietan antolatu dute zer edo zer. «Gauza gutxi badira ere, egunero egongo da zeregina, jai usaina egunero egon dadin». Horrela, asteburu honetan hasi eta ia hurrengo aste osoan ere jai giroan ibiliko dira aulestiarrak.
XV. Sobra Txapelketako irabazleak
Egitaraua batez ere urteroko ekimenekin osatu dutela aurreratu dute jai batzordekoek, gustukoa dena ez dago-eta zertan kendu. Hori bai, berritasunak ere egongo dira. Herritarren artean galdeketa bat egin dute, eta jendearen eskariei erantzunez, herri kirolak eta profesionalen mailako pilota partidak ere egongo dira, «aspaldiko partez».
Ohi duten modura eta gustuko duten modura, txikiak izango dira jaietako lehen eguneko protagonistak. Izan ere, eskolako jaiagaz hasiko dituzte sanjoanak. Horrela ba, puzgarriak, tailerrak eta ginkana egongo dira umeentzat.
Jaietako ekitaldi indartsua izaten da zapatuko Paella Txapelketa. Ia herri erdia kalera ateratzen da paella egin eta guztiek batera udaletxe azpiko aterpean bazkaltzeko. «Gero eta gehiago dira etxean bazkaldu barik kuadilla handian bazkaltzera animatzen direnak, iaz, esate baterako, ia 300 izan ziren». Eta aurten ere parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Horrela, beste behin ere, paella ontziz eta sukaldariz beteko dira Aulestiko bazter guztiak: plaza, elizako aterpea, garajeak…
Sanjoanetako danborrada
14:30eko kanpaia jo aurretik entregatu beharko dituzte jatekoak, bestela zigorra izango dute parte hartzaileek, eta sari barik geratu daitezke. Lau sari banatuko dituzte aurten paella onenen artean: lehenengoa 110 eurokoa, bigarrena 90 eurokoa, hirugarrena 60 eurokoa eta laugarrena 25 eurokoa.
Itxaroten egongo dira aulestiarrak bai eta San Joan Eguneko Sobra Sariketari ere. 40 txortatik gora aurkeztu zituzten iaz ere lehiaketara, eta aurten ere ez direla gutxiago izango diote jai batzordekoek.
Herriko taldeak
Adin guztientzako eta gustu guztientzako aukerak egongo dira: kultura, jolasak eta musika; helduei, erretiratuei eta umeei zuzendutakoak.
Herritarrak, gainera, jaietaz gozatzeagaz gain, giroa sortzen ere ibiliko dira. Halan da ze, jai batzordeak kanpoko taldeak ekarriko baditu ere, Haitzama eta Lotxo taldeak, besteak beste, herriko trikitilari, dantzari, pilotari eta batetik bestera dabilen batukada taldea ere atera nahi izan dituzte kalera.
26. Ipuin Topaketako irabazleak
Domeka eguerdian aterako dira plazara herriko dantzariak, bai eta Roberto eta Idoia trikitilariak ere. Martitzenean, berriz, herritarrez osatutako batukadak alaituko ditu Aulestiko kaleak .
Jaiei hasiera emateko txupinazoa Gazte Asanbladaren eskutik etorriko da, eta hortik aurrera, ahal bezain ondo pasatzea izango da egin beharrekoa. Beste guztia prest dauka jai batzordeak, eta, gainera, denak ondo irtetzeko txandak ere egingo dituzte.