Sorginen eta pertsonaia mitolojikoen batzarleku izango da San Joan bezperan Ziortza-Bolibar. Sorgin Dantzagaz hasi zena, orain dela hamar urte, Sorgin Gaba bihurtu da herritarren parte hartze eta ekimenez, eta herria guztiz eraldatuko du.
20:30ean ailegatuko dira sorginak eta pertsonaia mitolojikoak herrira. Mari eta Maju Oiztik jaitsiko dira Aker eta Ttartalogaz batera, Lamiak Urazanditik jentilekin, Galtzagorriak Zubikotik, Sorginak Elizpetik eta Basajaun eta Basandere Jauregibezitik.
Sorgin Gabeko ikuskizuna
Herri guztia apainduta aurkituko dute, aintzinako ikur eta zapiekin jantzita. Ziortzako arranoa bere buruhezur eta guzti ikusi ahal izango dute, besteak beste, banderaxka batean irudikaturik.
Ordu erdi inguruko antzezpena egingo dute ondoren, eta aurten ere moldaketa batzuk egin dituztela aurreratu dute Aranbaltz Kultur Elkartekoek, «ikuskizuna hobetzeko».
Jana edukiko dute gero, indarrak berritzeko: urdaia, txistorra, gazta eta irasagarra. Roberto Etxeberria eta Idoia Markaida trikitilariek alaituko dute gainera, otorduko giroa.
Herritarrak, mozorrotuta
San Joan sua
Zuziekin ibilbidea argituz, 22:00ak inguruan beheko zubirantz joango dira herritarrak kalejiran, eta landako tontorrari sua emango diote. Gero, plazan, Sorgin Dantza egingo dute adin guztietako herritarrek. Horrela, 4 urtetatik 70 urtera arteko dantzariez beteko da plaza.
Sorginak prestatutako edabea edan, eta baga, biga, higa… bakoitzak ahal duenera arte jarraituko du.
Herritarrak, Sorgin Gabean
Prestaketa
Urtez urte asko hasten joan da Sorgin Gaba. Herritarren jai bat izatea dute helburu, eta beraz, guztien parte hartzea bilatzen dute Aranbaltz Kultur Elkartekoek. Edozelako ekarpena edo laguntza da ongi etorria, aurretik egindakoa, (josten, apaingarriak eta jantziak prestatzen…), edo bertan gauekoa, mozorroak jantzita eta jai giroan murgilduta. Herri apainketan ere badago parte hartzerik. Gaur, 19:00etan hasiko da herri apainketa sorgin gaueko ikurrekin, eta astelehenean Sorgin ikuskizunerako apainketa egingo dute ordu berean.
Sorgin dantza eta sorgin gabeko ikuskizunerako entseguak, bestalde, 20:00etan izango dira. Dantzakoa gaur bertan egingo, eta ikuskizunekoa astelehenean.
Jaiaren parte izateko gonbitea luzatuta dago. Aurretiaz euren esker ona agertu dute Aranbaltz Kultur Elkartekoek.