Euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen aldeko beste indar erakustaldi bat izan da. Gure Esku Dago dinamikak milaka eta milaka herritar batu baititu Iruñean, Baionan, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Baina “Gure Esku Dago ez da sortu erabakitzeko eskubidea urteetan eta urteetan aldarrikatzen ibiltzeko”,
Zelai Nikolas eledunak BERRIAn esan duenez, eta mezu jakin bat eman du gaur: “Erabakiaren aroa hasi da”. San Mames eta Iruñeko zezen plaza ez dira bete, Anoeta ere ez erabat —Gasteizen eta Baionan kalean egin dituzte mobilizazioak—, baina masa zibil bat badela ikusi da berriro, bost hiriburuetan eguerdi partean izandako ekitaldietan ere frogatu denez.
Orain, herritarrei begira ez ezik, “erabakiari berari begira” jarri da Gure Esku Dago, haiekin batera. “Denon borondateek ehundu duten hautetsontzi horri begira jarri gara milaka euskal herritar. Abiapuntu horretatik, erabakiaren aroa hasi dugu”. Gipuzkoako Goierriko 22 udalerrietan datorren urtean galdeketa bateratu bat egingo dute, eta orain jakin da Ispasterren eta Diman (Bizkaia) ere egingo dituztela. Iaz bi izan ziren:
Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta
Arrankudiagan (Bizkaia), Euskal Herriaren independentziari eta euskal estatuari buruzkoak, hurrenez hurren. Bietan baiezkoa irabazle, nabarmen —%94 eta %89.
Testua: Berria
[nggallery ID=255]