AEBra eta Australiara joan dira Lekeitioko 23. Triatloiko txapelak. Norgehiagoka gogor baten ostean, Gwen Jorgensen estatu batuarra eta Jake Birtwhistle australiarra igo ziren Lekeition zapatuan lehiatu zen triatloiko podiumaren gorenera. 376 triatletak hartu zuten parte Garraitz Kirol Taldeak antolatutako lehiaketan.
Lekeitioko triatloiko lehenengo emakume eta gizonezkoak sariak hartuta. Argazkia: Triatloi.org
00:56:19 denbora eginez sartu zen helmugara 23 urte baino gutxiago dituen Jake Birtwhistle triatleta, bere lepoan, 13 zentezimatara soilik, Tyler Mislawchuck kanadiarra zuela (00:56:32). Igerian eta txirrindularitzako probetan laugarren joan ondoren, korrika harrapatu zituen aurreko guztiak australiar gazteak eta lehen posturaino aurreratu zen. Gizonezkoetan hirugarrena Brendan Sexton australiarra izan zen. 00:57:35 denbora egin zuen.
Aurrean ibili zen hasieratik Gwen Jorgensen. Igeriketako proba bigarren postuan amaitu zuen eta 3.enean txirrindularitzakoa baina, korrikan lehen postua bere egin zuen estatu batuarrak. 01:03:49 denbora egin zuen azkenean. Emakumeetan bigarrena Charlotte Mcshane australiarra geratu zen; 01:04:15 denbora eginez sartu zen helmugan. Hirugarrena, berriz, Chileko Barbara Riveros (01:05:04).
Australiarrak eta kanadiarrak eskuratu zituzten Lekeitioko Triatloiko lehen postuak, baina, herriko taldekoak ere ez ziren atzean geratu. Garraitz Kirol Taldeko Ander Okamika Bengoetxeak (01:00:27) eta Mireia Arrillaga Murelagak (01:13:11) 7. postua lortu zuten, eta Haritz Garate Txurruka 11. gelditu zen (01:01:24). Gainera, Garraitz Kirol Taldea, taldeka gizonezkoen mailan, garailea izan zen. Emakumezkoetan, bestalde, Araba-Tri talde arabarra izan zen taldekako irabazlea.
Ondarruko Koaxi S Concept Triatloi Taldeko kirolariak ere denbora bikainak lortu zituzten. Ioana Osa Larruzea 9. sailkatu zen 01:14:59 denbora eginez eta Arantza Burgoa Agirregomezkortak 15. egin zuen eta beteranoen mailako lehena izan zen.