Espainiako Auzitegi Gorenak 107 herriko taberna eta kultur elkarte konfiskatzeko emandako agindua berretsi izana salatu zuten zapatuan Zarautzen. Agerraldi jendetsua izan zen, eta bertaratutakoek herriko taberna ezberdinen izena zeraman kartela zituzten eskuetan. Eleak eta Libre mugimenduko bozeramaile Txerra Bolinagak eta herrikoen elkarteko ordezkari Koldobike Munianek berba egin zuten agerraldian, eta datorren astebururako, ekainaren 27 eta 28rako, tokian tokiko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute: “Ez dugu epai hau onartzen. Ez dugu lapurreta hau onartzen. Herriko tabernak defendatzera goaz, eta defentsa horrekin bat egiteko deia egiten diegu euskal herritarrei”.
Txerra Bolinaga, zapatuan, Zarautzen. Argazkia: Urola Kostako Hitza
Iazko uztailean eman zuen Auzitegi Nazionalak 35/02 sumarioaren inguruko epaia, eta orduan ere toki berean herriko tabernetako ordezkariek agerraldia egin zutela gogora ekarriz abiatu zuen ekitaldia Muniainek. Herriko tabernetako ordezkari gisa Auzitegi Gorenaren erabakia salatu zuen: “1936an faxistek eginiko lokal eta ondasun lapurreta erreproduzitu”.
Herriko tabernak “herri antolakuntza eta ahaleginaren eredu” direla nabarmendu zuen. “Horrek ahalbidetu du hainbat herrik espazio irekiak izatea kultur ekimenetarako, eztabaida eta jarduera politikorako, eta mugimendu nahiz bestelako hamaika dinamiketarako”. Konfiskatzeko aginduarekin hori guztia “desagerrarazi” nahi dutela azaldu zuen.
Bolinagak “eskubide zibil eta politikoen aurkako erasoa” dela salatu du, eta “erasoen aurrean konpromisoak batuz” aurrera jarraitzeko deia zabaldu zuen. Nekatuta daudela agerian utzi zuen. “Baina herri honek argi adierazi du guztiok bat eginda ez dagoela geldiaraziko gaituen gobernu, polizia, epaile edo nekerik”.
Justizia alde lan egiteko borondatea erakutsi dute, eta “eskubideen urraketak geldiarazi arte” horretan jarraituko dutela. “Eskubide zibil eta politikoen alde lanean jarraitzea da erasoei erantzuteko modurik eraginkorrena. Elkartasunetik konpromisora pausoa eman eta herrikoak libre nahi ditugula ozen adieraziko diegu”.