Udako solstizioa ospatzen hasi dira Lea-Artibaiko hainbat herri eta auzoetan. Aulestin eta Ziortza-Bolibarren herriko jaietan sartuta dabiltza herritarrak eta Markina-Xemeingo Amallo eta Ondarroako Gorozika auzoetan ere, zer ospatua badago egunotan. Denek ere, gogotsu hasi dituzte udako lehen jaiak.
Asteburuan hainbat ekimen egin dituzte han eta hemengo herrietan. Barikuan [ekainak 19] hasi zituzten jaiak Aulestin, Ziortza-Bolibarren eta Amallon. Ziortza-Bolibarren, esate baterako, sorgin gaurako prestaketa lanekin hasi ziren iluntzean. Amallon, ostera, txupinak eman zien hasiera jaiei. Ostean, XX. Bolo Txapelketa eta antzerkia izan zituzten aukeran auzora hurreratu zirenek. Eguna, bertsolariekin amaitu zuten, goizaldeko saioan.
Aulestin bariku iluntzean egindako saiheski jana. Argazkia: Eli Azpiazu
Aulestin, aldiz, saiheski janagaz hasi zituzten jaiak. Urtero legez, jende asko batu zen afaritan, plaza beti egin zuten, eta bapo afaldu ostean, udaletxeko balkoitik jaiei hasiera ofiziala eman zien txupina jaurti zuten.
Zapatuan [ekainak 20] ere, hainbat gauza egin zituzten Aulestin eta Amallon. Aulestin, besteak beste, kuadrilla bakoitzak bere lokaletan prestatu zituen paella txapelketara aurkeztu beharreko arrozak. Irabazlea iragarri aurretik, gainera, aurten ezustekoa izan zuten herritarrek. Gazte kuadrilla batek
flashmob antzerako bat egin zuen, eta herritarrak eurekin batera dantzan egitera gonbidatu zituzten.
Paella txapelketako epaimahaia arrozak probatzen. Argazkia: Irati Urberuaga
Txapelketara aurkeztutako paellak aitzakia modura hartuta, herri bazkaritan batu ziren herritarrak arkupean. Eguna, Haitzama taldearen erromeriak girotuta amaitu zuten. Gau giro ederra zegoela eta, giro polita egon zen plazan.
Amallon, aldiz, arratsaldean brixka eta musean jokatzen pasa zuten, eta bertso errimek alaituta afaldu zuten, Jon Maia, Andoni EgaƱa eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin batera.
Domekan [ekainak 21], hirugarren adinekoen eta pentsiodunen eguna ospatu zuten Aulestin. Eguerdiko dantzarien erakustaldia eta gero, bazkaritan batu ziren herriko nagusienak. Iluntzean, ordea, Txikiren bakarrizketagaz barre algararen bat edo beste botatzeko aukera izan zuten herritarrek.
Ibiri eta bere animaliak. Argazkia: Gorozikako Jai Batzordea
Aulestin, ez eze, Ondarroako Gorozika auzoan ere jaietan ibili ziren domekan. Jaien lehen eguna orduantxe ospatu zuten. Eguraldia lagun, umeek jolasteko aukera polita izan zuten Unai Ibirik ekarritako zezen eta poni txikiekin, eta iluntzean Inhar Urruzuno auzotarrak erakustaldi ederra egin zuen harri txikiak jasotzen.
Auzoko harri-jasotzailea ekinean ari zen bitartean Ugaitz eta Aratz Mugertza mutrikuarrek aizkoran egin zuten. Eguna Angel Mari PeƱagarikano eta Fredi Paiaren bertsoekin amaitu zuten.
Hurrengo egunotan ere, jairik jai ibiliko dira herriotan.
*** Argazkiak: Aulestiko argazkiak Irati Urberuagak eta Eli Azpiazuk atera dituzte. Gorozikakoak, ostera, Gorozikako Jai Batzordeak utzitakoak dira ***
[nggallery ID=257]