Arantza Zulueta Puerto III espetxean dago berriz, Euskal Herritik 1.100 kilometrora. Ekainaren 6an atera zuten Madrideko (Espainia) Estremera kartzelatik eta berriz ere Cadizeko (Andaluzia, Espainia) Puerto IIIra eraman dute. Kartzela horretan, “gizonezkoen modulu batean dagoen emakume bakarra” dela salatu eta gogora ekarri dute Arantza Zuluetaren Lekeitioko lagunek bere egoeraz kezkatuta.
Arantza Zuluetaren isolamendu egoera salatzeko Lekeition egindako manifestazioa eta elkarretaratzea.
Arantza Zuluetak Puerto IIIan egon zenean pairatu zuen muturreko egoera salatu zuten haren senide eta lagunek behin eta berriz, eta egoera berera bueltatu da, berriro ere, abokatua. “Guztiz bakarturik dago eta ezin du egun osoan inor ikusi. Ziegatik ateratzeko miaketa zorrotza pairatzen du, bere ziega egunero miatzen diote eta patioan guztiz bakarrik dago” nabarmendu dute Zuluetaren lagunek.
Aurrez aurreko bisitak eta mintzalekukoak egiteko arazoak dituela eta bisitak egiteko ostopoak jartzen dizkiotela ere aitatu dute Arantza Zuluetaren lagunek. “Hilean aurrez aurreko bisita bi ditu eta hamar laguneko zerrenda dauka”. Euskal Herritik horren urrun egoteak familiarekin kotaktuan egotea eragozten dio. Izan ere, Zuluetaren lagunek jakitera eman dutenez, gurasoak adinekoak dira eta aita gixorik dago. Beraz, Cadizeraino joatea ezinezkoa dute.
Arantza Zulueta 2014ko urtarrilaren 8an atxilotu zutenĀ EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekaritza taldearen kontra eginiko polizia operazio batean. Lekeition zeukan etxea ere miatu zuten orduan. Geroztik isolamendu egoeran egon zen eta martxoan, Estremerako (Madrid) espetxetik Puerto IIIra (Cadizera) urrundu zuten. Deklaratzeko ordua uztailaren 23rako jarri zion epaileak eta ordutik Estremeran egon da berriz ere lekuz aldatu dutenera arte.