Dinamika berri bat jarri dute martxan Lekeitioko gazteek. Bi taldetan banatu dira proiektu ezberdinak martxan ipintzeko helburuagaz eta gazte mugimenduari beste forma bat emateko asmoz. Dinamika udara artekoa izango da eta Gazte Egunagaz amaituko dute. Asteburu honetarako Alternatiba Jardunaldiak antolatu dituzte.
Lekeitioko gazteak dinamika berria jarri dute martxan. ‘Sustraiak mugituz mugimendua sustraitu’ nahi dute. Argazkia: Lekittoko Gazte Asanblada
Bi taldetan banatu dira gazteak. Talde bat herriko koadrila ezberdinekin batuko da, adin ezberdinetako gazteek eta koadrila ezberdinetako gazteek Lekeition faltan botatzen dutena eta behar dutena zer den jakiteko.
Beste taldeak, berriz, alternatibak bilatuko ditu. “Gazteon arazoak eta beharrizanak identifikatzetik haratago beste pauso bat eman behar dela ikusten dugu, eta arazo horreri gure kabuz buelta zelan eman pentsatuko dugu”. Horretarako antolatu dituzte Alternatiba Jardunaldiak. Helburua bai Lekeition bertan bai eta Euskal Herriko beste herri batzuetan martxan dauden alternatibak erakustea izango da. “Ideiak hartu eta adibideak ikusiko ditugu gazteok gure arazoei eta beharrizanei erantzun bat emateko gai garela konturatzeko”.
Abuztuaren 8ko Gazte Eguna dinamikaren inflexio-puntua izango dela azaldu dute gazteek. Ordura arte jasotzen dituzten gazteen premien berri emango dute. “Gazteek gehien faltan botatzen dutena zer den jakingo dugu eta gazte eguna ospatuko dugu lehenengo zatiari amaiera emateko”.
Alternatiba jardunaldiak
Orain dela lau urte ere diagnostiko bat egin zuten Lekeitioko gazteek herriko gazteen beharrizanen kontura. Diagnostiko horretatik atara zuten ondorio nagusia gazteak beharrizan asko zituztela izan zen, eta beharrizan horiei buelta ematen hasteko, tresna moduan ulertuta, gune bat falta izutela ikusten zuten: gaztetxea. Lau urte horietako aroa amaituta dagoela ikusita, diagnostiko hori eguneratu egin nahi dute. “Gazte berriak, generazio berriak dagoz, eta ea horrek ere arazo eta premia berdinak dituzten ikusi nahi da”.
Gazteek dituzten arazo orokorrak landuko dituzte, etxebizitza, elikadura, sexualitatea, eta drogak besteak beste, baina, alternatibak bilatuz. “Alternatiba batzuk Lekeition bertan aurkitu ahal ditugu, elikaduraren gainekoa esate baterako edo Duindduz! dinamika bera lantzen ari den etxebizitzen gaia, beste batzuk kanpotik ekarri ditzakegu, batzuk gainera gazteak aurrera daramatenak dira gainera”, azaldu dute.
Arazoak “konpontzea” dute ideia eta ez “arazoiei buruz hitz egitea”. Beraz, Lekeitioko gazteak beste pauso bat ematen hasiko dira: arazoak eta beharrizanak identifikatzetik konpontzera pasatuko dira
Sustraiak mugituz mugimendua sustraitu lelopean.
Alternatiba errealak erakusten hasiko dira asteburu honetako jardunaldien bidez; gauza praktikoak egitea dute helburu. Hiru egunetan luzatuko dira jardunaldiak, eguenetik zapatura.
Alternatiba jardunaldiak egitaraua