Jendez gainezka egon zen Karmengo eliza zapatuan, ekainak 20. Benito Lertxundiren kantetan oinarrituriko emanaldia eskaini zuten Mallabia, Markina-Xemein, Durango eta Iurretako abesbatzek, eta publikoa hunkituta utzi zuten abeslari gazteek.
Gazteria Kantari abesbatzen kontzertua Markina-Xemeingo Karmengo elizan. Argazkia: Xemein Gazte Ahots Abesbatza
“Espero baino maila altuagoa” aurkitu zutela azpimarratu zuten entzuleek emanaldiagaz “oso gustura”. Antolatzaileak ere “pozik” geratu ziren ekitaldiaren emaitzagaz eta publikoaren erantzunagaz. “Behar asko egin dugu, entsegu asko izan dira eta umeentzako esfortsu handia izan da”, aitatu du Itxaso Jaio Xemein Gazte Ahots Abesbatzako zuzendariak.
Markina-Xemeingo gazteen abesbatzagaz batera atera ziren Karmengo elizako altarera Mallabiako Jasokunde abesbatzako kantariak, Iurretako Maiztegi Herri Eskolako abesbatzakoak eta Durangoko Lamiamak abesbatzako kideak. Horiei musika jartzen jardun zuten Durangaldeko musikariak, Bilboko batzuk eta Andrea Pagaegi eta Amaia Zuberogoitia flauta jotzaile markina-xemeindarrak.
Kantari eta musikari gazteek ere, “pozik” jaso zituzten entzuleen txalo zaparradak.
Gazteria Kantari abesbatzen kontzertua Markina-Xemeingo Karmengo elizan. Argazkia: Xemein Gazte Ahots Abesbatza
Mallabian eta Markina-Xemeinen egon eta gero, Gazteria Kantari abesbatzen kontzertuetako hirugarren eta azken emanaldia falta da. Iurretako San Miguel elizan izango da, zapatuan, ekainak 27, 20:00etan.