Egun batzuez bada ere, Ondarroako Goi aldeko alde zaharra herriko protagonista bihurtzea lortu dute Gabeko Izarrak elkarteko kideek. Elkarteko kideek auzoko jaiak antolatzen dituzten lehen aldia izan baldin bada ere, ez dute hutsik egin, eta auzoa jendez betetzea lortu dute.
Motorren erakusketa
Josu Martin elkarteko kidearen iritziz, jaiak nahikoa arrakastatsuak izan dira, eta pozik geratu dira herritarrek emandako erantzun onagaz. “Lehenengo urtea izateko, espero baino hobeto joan dira. Herritar asko eta asko hurreratu zaizkigu azken egunotan, eta horien denen ahotik kritika oso onak jaso ditugu. Hori guztiak jendea gustura ibili denaren seinale modura irakurtzen dugu”. Martinek gainera, eurekin batera jaiak posible egiten lagundu duten guztiei eskerrak eman nahi izan die.
Dena ondo joan dela aitortu dute antolatzaileek, eta egitarauko pare bat ekimen bertan behera gelditu baldin badira ere, beste guztietan jende asko batu dela nabarmendu dute. Moda desfilean, motorren erakusketan, mus txapelketan, filma emanaldian, kalejiretan edo kontzertuetan jendetza batu zen.
Latxanberen dantza erakustaldia
Denak ondo irten baldin badu ere, datorren urtera begira zer hobetu ere badagoela aitortu dute. “Jaiak amaituta, denaren inguruko hausnarketa egitea tokatzen da. Momentu batzuetan, beharbada zarata gehiegi egin baldin badugu, auzotarrei barkatzeko eskatu nahi diegu. Txarto egindako horiek guztiak aztertu eta datorren urtera begira, hobetzen saiatuko gara”.
Aldaketarik ezean, datorren urtean errepikatuko dituzte jaiak, ekainaren hirugarren astearen bueltan.