Iaz Lekeition egin zuten karroza desfilea.
Domekan izango da Askatasun Sexualaren nazioarteko eguna, eta Euskal Herriko zein nazioarteko hiri eta herri askotan bezala, Ondarroan eta Lekeition zenbait ekimen egingo dituzte bihar hasita.
Bihar arratsaldean, Kitzikan sexu askapenerako gaze antolamenduaren aurkeztuko dute, Lekeitioko Azkue aretoan. 19:00etan hasiko da aurkezpen ekitaldia. Hain zuzen ere, izen bereko taldeak badaude Euskal Herriko hainbat herri eta eskualdeetan.
Halaber, Potxuak Martxan, Lekeitio Barruan Bizi eta Lekeitioko zinemagileen elkarteak udalerriko emakumeak omenduko ditu etzi, «herriaren historiaren alde egin duten lan ikaragarriagatik».
Ezkutuko amandrea Lekeition, halantxe zala ta… dokumentala ikusteko elkartuko dira Ikusgarri aretoan, 19:00etatik aurrera. Ikus-entzunezko lana 2013ko udalaren ikerketa bekaren bidez egina da.
Gainera, zapatutik astelehenera bitartean, Ikusgarri aretoan,
Luna de Brasil filma izango da ikusgai. Lehen bi egunetan, 19:30ean hasiko da emanaldia, eta astelehenean, 20:30ean.
Bestalde, Ondarroako Uxu Emakumeen taldeak etzi aldarrikapenez jositako pankarta «erraldoi» bat jarriko du alde zaharrean. Era berean, Alamedan ere panel pare bat ipiniko ditu. Besteak beste, azkenaldian jasandako erasoak salatzeko erabiliko dute: «azkenaldian eraso asko egon dira; lehenago ere egoten ziren, baina, orain publiko egiten dira.
Halaber, beste behin errespetua eskatzeko baliatuko dute: «jendeak uste arren gauza naturala dela, askok ez du errespetatzen aniztasuna».