Denbora edarragaz eta urteroko ohiturei jarraituz ospatu dute auzoko egun handia Amallon. San Juan Bautista baseliza dotore jantzi dute, eta bete-bete egin da meza entzuteko. Hiru kanpai jo eta bolanderak bota dituzte urtero modura meza erdian, eta baselizako lorez gain, San Juan txortak edo sobrak ere eraman dituzte auzotarrek bertara.
San Juan Baseliza bete-bete egin da eta ohi duten modura kanpaiak jo dituzte meza erdian.
Meza ostean, urtero legez, auzotarren arteko jolasak jarri dute giroa. Lehenengo Amallon ospetsua den silla dantza egin dute, ondoren saku lasterketa, Gol Keeperra izan dute jarraian eta jolasekin amaitzeko, orain dela 19 urte azkenengoz egin zen txerri harrapaketa berreskuratu dute.
Dantzan egin, jolastu eta ondo pasatzea helburu lagunarteko norgehiagokan ibili dira auzotarren artean. Umore ona falta barik eta Iñaki Mendikute epailearen erabakiei kasu eginda, azkenean, Joseba Sololuze izan da silla dantzako irabazlea. Ez dira falta izan iruzurrak egiteko ahaleginak ez eta bultzada batzuk ere, baina denak ados, hurrengo jolasari eman diote hasiera.
Agertokiaren parean hasi eta amaitu dute saku lasterketa. Batzuk alde batera eta beste batzuk bestera borroka gogorra erabili dute parte hartzaileek. Lauren artean erabaki da azkenean irabazlea: Urko Pagoaga.
Gol Keeper edo buelta batzuk eman ondoren baloia jaurtitzeko jokoak barreak eragin ditu ikusleen artean. Zazpi buelta eman eta guztiz txorabiatuta eman diote baloiari parte hartzaileek nora botatzen zuten ere ia jakin barik. Gol bakarra egon da, eta lortu duena izan da garailea, Joseba Sololuze.
Azkenean ailegatu da eguerdiko jolasetako momenturik gorena. Bi pertsona sartu dira hezitutako gunearen erdira txarriak harrapatzeko. Batak gidatu eta besteak begiak itxita harrapatu behar zituen txerriak. Inork ere ezin izan du begiak estalita txerririk harrapatu, eta beraz, bi minutu eta gero zapia kenduta ahalegindu dira. Zapi barik txerria harrapatzen denbora gutxien Joseba Sololuzek egin du. Bixkor ibili dira ihesi Gerardo eta Gorriti txarriak eta ez diete parte hartzaileei gauzak errez jarri.
Txerri harrapaketan ibili dira auzotarrak baina begiak itxita ez dute txerririk hartzea lortu.
Jolasean nahikoa eginda herri bazkarian bildu dira Amallokoak. Goizean oraindik bazkarirako txartelak egon dira salgai nahi zuenarentzat. 20 euroren truke paella eta magala jateko aukera egon da. 50 lagun batu dira auzoko elkartean bazkaltzeko. Bazkalostean, Naroa eta Ainhoak kantaldia eskaini dute elkartean bertan.
Umeek hartu dute nagusien txanda, arratsaldean, eta eurak izan dira jokoetako protagonistak. Ondoren, Irripuina izan dute Martin Bertsogaz.
Bertso afari arrakastatsua
Gaurkoa baina, ez da izan Amalloko jaietako egun bakarra. Barikuan bolo txapelketa, antzerkia eta goizaldeko bertsolariak egon ziren. Zapatuan berriz, mus eta briska jokalariak batu ziren Amallon, bai eta bertsozaleak ere. Arrakasta handia izan zuen Jon Maia, Andoni Egaña eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin egin zen Bertso Afariak. Aspaldian holako saiorik egin barik zeudela aitortu zuten bertsolariek eta jendea bertsoak entzuteko gogotsu aurkitu zuten.
[nggallery ID=262]