Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, zarata neurtzeko tresnak jarriko dituzte herriko hainbat guneetan. Hain zuzen ere, udalaren asmoa neurketa horietan jasotzen diren datu objektiboekin zaraten mapa delakoa eratzea da. “Herritar asko zarata dela eta kexatzera etortzen dira. Kezka horretatik abiatuta, zarata mapa bat egitea erabaki dugu. Modu horretara, tokian tokiko zer zarata erreal dagoen jakin eta identifikatu ahal izango dugu, gerokoan, neurri bat edo bestea hartu ahal izateko”, azaldu du Josu Arrizabalaga alkateak.
Ondarroako alde zaharra, Erribera kalea
Guztira, sei gailu ipiniko dituzte: lau Erribera eta Nasa kalean (Sutargi eta Apallu tabernen artean), eta bana Itsasaurren eta portuan, izozkailuaren parean.
Imae enpresako teknikariak bihar [ekainak 25] goizean hasiko dira gailuak euren tokietan ezartzen. Udal ordezkariek iragarri dutenez, jaiak eta gero, kenduko dituzte gailuak. Tresnak uneoro Imae enpresarekin konektatuta egongo dira, eta haiek jasoko dituzte datuak denbora errealean.
Ondarroako alde zaharra
Toki horietan ez eze, herriko beste hainbat lekuetan ere neurketak egitea aurreikusten da hurrengo hilabeteetan. Izan ere, udalaren asmoa herri osoko neurketak egitea da, mapa guztia osatzen joateko. “Neurketa hauek oso lagungarriak izango dira. Modu horretara, zarata gehien dauden puntuak identifikatu ahal izango ditugulako”.