Mutrikuko turismo bulegoak eskainita, herritarrek olatu planta bisitatu ahalko dute etzi. Bisitak euskaraz (12:30etan) eta gazteleraz (11:00etan) izango dira. Aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa dela jakitera eman dute turismo bulegoko arduradunek (943-60 33 78).
Zerbitzu berri horren bidez, itsasoko energia berriztagarria ustiatzeari begira eraikitako eta mundu osoan aitzindaria den instalazioa herritarrengana hurbildu nahi dute Mutrikuko Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak. Eta hain zuzen, bi erakunde horiek dira bisiten zerbitzua martxan jarri zutenak.

Mutrikuko olatu planta
Mutrikuko Turismo Bulegoko Nerea Lazkanoren esanetan, bisita egiten dutenak «gustura» geratzen dira. «Harritu egiten dira ikusten dutenaz. Dike barrura sartzen dira eta han ikus-entzunezko bat eskaintzen diegu. Olatuek nola jotzen duten ere somatzen dute; bitxia da eta merezi du bisita egitea».
Uztailean eta abuztuan
Orain arte hilean bisita bat eskaintzen egon badira ere, uztailean eta abuztuan bisita bina egingo dituzte. «Horiek programatutakoak izango dira. Baina talde batek (gutxienez 6ko taldea eta gehienez 25ekoa) beste egun baten egin nahi badu bisita, aurretiaz eskatuta posible da», gaineratu du Lazkanok.
Gainera, uztailean eta abuztuan egingo diren bisitak ingelesez eta frantsesez ere eskainiko dituztela dio; uztailak 12 eta 26, eta abuztuak 16 eta 30 izango dira bisita horiek. «Orain arte euskaraz eta gazteleraz eskaintzen genituen, baina udan beste bi hizkuntza horietan ere egingo dugu».
Bisitaren prezioa bi eurokoa da. «Prezio sinbolikoa da. Bisiten helburua proiektua ezagutara ematea da, ez dirua lortzea».
Instalazioa 2011ko uztailean inauguratu zuten, eta Europan lehen merkataritza planta da olatuen energia aprobetxatuz energia elektrikoa sortzen duena. Guztira, aire konprimitua turbinatzeko 296 kW-eko potentzia duten 16 turbinaz osatuta dago planta. Instalazioan ekoizten den energia guztia elektrizitatea banatzeko sarera bideratzen da, erabiltzaileen kontsumorako. Aurreikuspenen arabera, planta ekoizpen automatikoan egotean, 100 etxe ingururen premia elektrikoak asetzeko edo betetzeko gai izango da.