TKE ligako traineruek etzi hasiko dute denboraldia, Malagan
TKE ligako klubek asteburu honetan ekingo diote denboraldiari. Hamabi arraun taldek Euskadi Basque Country III. Bandera lehiatuko dute Malagan, etzi.Hain zuzen ere, denboraldi honetan arraun talde hauek ariko dira TKE ligan: Urdaibai, Zierbena, Portuga...
Hain zuzen ere, denboraldi honetan arraun talde hauek ariko dira TKE ligan: Urdaibai, Zierbena, Portugalete, Kaiku, Orio, San Juan, San Pedro, Hondarribia, Tiran, Astillero, Samertolameu eta Cabo.
12:00etan hasiko da estropada, eta ontziak lau traineruko hiru txandetan banatuko dituzte. 5.556 metroko (hiru itsas milia) distantzia egin beharko dute. Amaieran, irabazleari uretan emango diote Euskadi Basque Country bandera, eta 3.285 euro jasoko ditu.
Asteburu osoko jaia
Gaur arratsaldean hasi eta domeka arratsaldera bitartean, askotariko ekitaldiak egingo dituzte Malagan. Gaur 18:30ean hasi eta 20:00ak arte, Surf Euskadi ekimena aurkeztuko dute, eta 21:00etatik 23:30era, trikipoteoan ibiliko dira alde zaharreko tabernetatik.
Biharko, egun osoko egitaraua prestatu dute. 12:30ean egingo dute Euskal asteburuaren irekiera ofiziala. Ostean, dantza eta herri kirolen erakustaldiak egongo dira ikusgai.
Eguerditik gauera bitartean, La Farola pasealekuan, besteak beste, stand up paddle surfa praktikatzeko doako irteerak, parrilladak, kontzertuak, eta Home Coming surfaren inguruko pelikularen proiekzioa egingo dituzte. Halaber, euskal turismoaren inguruko informazio puntua ere ipiniko dute, turistak erakartzeko asmoz.
Etzi leku berean batuko dira estropada ikustera doazenak. Han, San Migel ergometroen lehiaketa herrikoia, photocall-a, herri kirolak eta We Are Not Dj’s emanaldia egingo dituzte.