Beste behin ere, maila ona erakutsi du
Oihana Kortazar korrikalari mutrikuarrak.
Mont Blanc-eko mendi maratoian (Frantzia) ez du hutsik egin, eta bigarren helmugaratu da, Elisa Desco italiarraren atzetik. Kortazarrek lau ordu eta 45 minutu behar izan zituen nazioarteko hitzordurik nagusienetarikoa amaitzeko, Desco-k baino hamar minutu gehiago.
Mont Blanc maratoiko, podiuma. Argazkia: Marathon du Mont Blanc
Korrikalari mutrikuarrak adierazi duenez, asko sufritu behar izan zuen atzoko [ekainak 28] proban. 41,6 kilometro eta 2.760 metroko desnibel positiboa duen lasterketaren azken bi kilometroak “oso gogorrak” egin zitzaizkiola nabarmendu du.
Alpe frantsesetako tokirik ederrenetariko batean egin zen lasterketa, eta bertan, 2.000 korrikalari inguru batu ziren. Chamonix (Frantzia) herriaren erdialdean hasi zen kirol proba eta Planpraz-en helmugaratu ziren korrikalariak, hainbat zaleen txaloen artean.