Ondarroako udal ordezkariek jakitera eman dutenez, hainbat konponketa egingo dituzte Zaldupe ikastetxean. Uda sasoian eskolarik ez dagoela aprobetxatuta, teilatua eta inguruak konponduko dituzte.
Atzo [ekainak 29] hasi zituzten beharginek teilatua konpontzeko lanak, eta bi hilabetean, abuztu amaierarako, beharrok amaituta egotea espero dute udal ordezkariek. “Irailean eskolak hasi aurretik dena prest egotea nahi dugu. Ikastetxearen funtzionamenduan ahalik eta gutxien eragitea da gure asmoa”.

Zaldupeko konponketak
Udal ordezkarien esanetan, eraikin nagusiko teilatua oso-osorik aldatuko da eta berriagoa denaren zatietan hainbat konponketa egingo dituzte. “Eraikin nagusiko teilatuaren zati bat aztertu ostean, dena oso egoera txarrean zegoela ikusi genuen, eta hortaz, goitik behera aldatuko da. Aparejadoreak proiektua idazten ari zirela, gainera, ikastetxeko irakasleek eraikin berriko hainbat lekuetan ere arazoak zeudela adierazi zieten. Horrenbestez, eraikin berriko teilatuan ere konponketak egingo dira”.
Teilatuaz gain, beste hainbat behar ere egingo dira datozen bi hilabeteotan. Teilatuarekin batera horren aileroia eta sarrerako espaloia ere berrituko dira. Sarrera, esaterako, asfaltatu egingo dute. Guztira, 60 metro koadro berrituko dira.

Zaldupeko teilatuaren konponketa lanak
Bestalde, datozen hilabeteotan beste hobekuntzat bat egitea aurreikusten dute. Ikasturtea hastean jolastokiko zati bat itxiko dute. “Haizea eta euria dagoen egunetan jolastokian arazoak egoten direla aipatu digute herritarrek. Arazo horiek saihesteko itxitura bat jarriko dugu, babes modura”.
Aurrekontuari dagokionez, 141.000 euro inbertituko dira teilatua, aileroia eta sarrera berritzen eta 20.000 euro itxitura egiten.