Hilaren 11an egingo dute martxa, eta aurretik apuntatzeko, herritarrek
leakomartxa@hotmail.com helbidera idatzi behar dute. Bertan, izen-abizenak, ume eta nagusi kopuruak, nondik datozen eta ibilbide luzea edo laburra egingo duten zehaztuko dute. Gainera, informazio gehiagorako edota edozein zalantza argitzeko honako telefono zenbakia jarri dute: 946 844 423.
Aldez aurretik izena eman duten partaideek, martxa amaitzean, Bengolako parkean kopaua izango dute. Era berean, horien artean, Lea Ibarreko jatetxe batean 100 euroko jatordu bat zozketatuko dute. 13:00ak inguruan egingo dute zozketa.
Bi ibilbide aukeran
Ohitura legez, bi ibilbide daude aukeran: luzea eta laburra. Martxa luzeak 20 kilometro pasatxo ditu, eta laburrak, berriz, zazpi bat kilometro ditu. Azken hori, aproposa da batik bat umeekin doazen familientzat.
Ibilbide luzea egingo dutenak, 08:15ean irtengo dira Mendexako muturretik, Marierrota paretik. Handik, Amorotoko Oleta auzora joango dira, eta Gizaburuagako Bengoleatik pasatuta Aulestiko Errekondo parkera helduko dira. Bertatik, Munitibarko Bengola Energia Berriztagarrien zentrora joango dira ibilbidea amaitzeko.
Bestalde, beste ibilbidera doazenek, 10:30ean dute hitzordua Aulestiko Errekondo parkean. Horiek, Munitibarko Bengola parkera bitarteko ibilaldia egingo dute.
Ibilbidean zehar bi hornidura leku topatuko dituzte. Bata, Gizaburuagako Errotazar lasaigunean egongo da, eta bestea, Aulestiko parkean ipiniko dute. Halaber, bakoitzak bere kantinplora edo botila eramatea gomendatu dute antolatzaileek, bidean zenbait iturri baitaude.