Rallysprinteko pilotu eta kopiloturik onenak batuko ditu zapatuan, uztailak 4, Etxebarria eta Elgoibar artean lehiatuko den XIII. San Miguel Rallysprintak. Gehienezko kopurua beteta, 60 autok hartuko dute parte Hamaika eskuderiak antolatutako proban. Euskal Herriko Txapelketako zazpigarren hitzordua izango da.
Auto bat San Miguel Rallysprintean parte hartzen eta zaletuak begira.
16:00etan irtengo du lehen parte hartzaileak Etxebarriatik Elgoibarrera. Guztira, 101,900 km distantziako ibilbidea egin beharko dute autoek. Hiru bidar pasatuko dira herri bien artean egongo den kronometratutako 10,550 km-ko tartetik. Etxebarritik Elgoibarrera doan errepideko azken etxeetatik 500 metrotara hasiko da denboraz neurtutako tartea eta Elgoibartik Etxebarrirantz dagoen lehen bihurgunean amaituko da, errepide nagusiko biribilgunetik (N-634) 700 metro ingurura.
Autoek gero, Ixuatik egingo dute buelta Etxebarrira. Galartza industrigunean egongo da kokatuta asistentzia gunea.
Rallysprintetan aritzen diren pilotu eta kopilotu onenak parte hartuko dute San Migueleko norgehiagokan. Bertan egongo dira Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola BMW M3 autoagaz Euskadiko Txapelketako lehen postuari eusteko prest. Azpeitiako eta Ñañarriko rallysprintak irabazita sailkapenaren buruan doaz, 156 puntugaz.
Iban Tarsicio Fernandez eta Iñigo Peña (Mitsubishi EVO IX), Enrique Barrenetxea eta Anartz Onaindia (Mitsubishi EVO IX), Joxe Labaka eta Aitor Otaegi (Mitsubishi EVO V) eta Iñigo Olabegogeaskoetxea eta Iñaki Narbaiza (BMW M3) ere txaplektako lehen postuetan dabiltza eta San Miguel irabazteko borrokan egongo dira.
Rallysprintaren antolatzaile Hamaika eskuderiako eta laguntzaile diren Kastimparro Racing eskuderiako parte hartzaileak ere egongo dira norgehiagokan. Aitor Saizarrek eta Iskander Kobeagak (Renault Clio Sport), Garikoitz Lopezezk eta Urko Pagoagak (Citroen Saxo Vts), Oihan Erkiagak eta Bernat Iraolagoitiak (Citroen Saxo Vts), Jose Lekuonak eta Maite Lekuonak (BMW 320i), Jose Javier Aguinagak eta Josu Bernaolak (Seat 124 FL), Ioritz Abaroak eta Jonatan Zabalak (Citroen Saxo Vts) eta Ramon Muniozgurenek (Seat Ibiza Junior) hartuko dute parte besteak beste.
Zapatuko rallysprinta, Euskal Herriko eta Bizkaiko txapelketetarako puntuagarria izango da, eta sari banaketa Markina-Xemeingo Goiko Portalean egingo dute, udaletxe aurrean, 22:00etan.
Sariak
Scratch Sariak
- Garaikurra eta 350 euro
- Garaikurra eta 200 euro
- Garaikurra eta 100 euro
Klaseetako sariak (1-9)
- Garaikurra eta 150 euro
Klaseetako sariak 10
- Garaikurra eta 150 euro
Junior mailako saria
- Garaikurra eta 150 euro