Koaxi S Concept Triatloi Taldearen eskutik, zapatuan [uztailak 4] triatloiagaz lotura zuzena duten bi kirol proba egingo dira Ondarroan:
X. Gaztetxoen Akuatloia eta
XI. Triatloi Herrikoia.
Gaztetxoen Akuatloia egingo da lehendabizi,
goizean. Bertan parte hartu nahi dutenek Arrigorri hondartzara hurreratu besterik ez dute izango. Izan ere, 10:30etik aurrera hondartzan bertan ipinitako mahaian izena emateko aukera egongo da.
Gaztetxoak uretara dzanga egiten. Argazkia: Koaxi S Concept
Probari dagokionez, 11:00etan hasiko da. Parte hartzaileek adinaren arabera lau mailatan banatuta (benjaminaurreko, benjamin, alebin eta txikiak) egingo dute proba eta haien adinari egokituak izango dira, “Eskola Kirolak gomendatutako gehiengo distantziak errespetatuz”.
Aringa-aringa hasiko dira lehenengo eta ostean, dagokien jantziak hartu ondoren, uretara dzanga egingo dute. Proba hondartzan aringa-aringa egiten amaituko dute gaztetxoek. Denek ere, lagunartean ondo pasatzeko aukera izango dute.
Gaztetxoen akuatloia. Argazkia: Koaxi S Concept
Amaieran parte hartzaile guztiek opari bat jasoko dute. “Denentzat berdina izango da, eta ez da sailkapenik ere egongo. Guretzat denek irabazten dute”.
Arratsaldean, aldiz,
Triatloi Herrikoia egingo da. Urtero modura, antolatzaileek Ondarroa eta inguruetatik etorritako 100 lagunetik gora batzea espero dute. “Urtero 125 partaide inguru etorri zazikigu, batzuk ondarrutarrak, beste batzuk Lea Artibai ingurukoak eta baita kanpokoak ere. Horregatik, partaide kopurua horretara mugatuko da”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Triatletak Arrigorri hondartzatik igerian irtetzen. Argazkia: Koaxi S Concept
Lehia alde batera laga, eta gozatzeko tartea eskaintzen du Ondarroako Triatloi Herrikoiak. Helburu nagusia kirola egiten ondo pasatzea dela azpimarratu dute Koaxikoek. “Ez da lehiatu nahi duen inor onartuko. Lagunartean, bikotearekin edo familiarekin gozatzeko momentua da, ez dago kronometrorik, ezta denbora limiterik eta distantziak ez dira luzeak izango. Hain zuzen ere, triatloiaren munduan murgildu eta kirol hau probatzeko aukera dute izango dute hasiberriek”.
Izen ematea proba baino ordubete arinago zabalduko da, 15:30ean, Itsasaurre Plazan. Izen ematea doakoa izango da, eta partaide kopurua mugatua denez, ondarrutarrek lehentasuna izango dute. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, gainera, bizikletan ibiltzeko kaskoa ekartzea derrigorrezkoa izango da.
Parte hartzaileak boxetan aldatzen. Argazkia: Koaxi S Concept
16:30ean hasiko da proba Itsasaurren bertan. Lehendabizi, igeri egin beharko dute parte hartzaileek. 400 metro inguru egingo dituzte igeri, eta boxetan aldatu ostean, Ondarroa eta Lekeitio batzen dituen kostaldeko bidean zehar 15 kilometro egingo dituzte. Zehatz esanda, Itsasgain inguruetara joan-etorria egingo dute.
Azkenik, aringa-aringa 3,5 kilometro egingo dituzte Ondarroan zehar. Itsasaurretik irten eta pasealekuetatik joanda Kamiñazpiko parkera joan-etorria egingo dute guztiek.
Sari banaketarik ez da egongo. Hala ere, guztiek jasoko dute eguna gogorarazteko oroigarri bat.