Bekobenta eskolako ikasle, irakasle, guraso eta beharginak; lehengoak eta oraingoak. Guztiak batuko dira zapatuan, uztailak 4, eskolaren 40. urteurrena ospatzeko. Orain arte, ez da egin urteurren jairik, baina 40ak merezi zuela eta, egun osoko egitaraua daukate prestatuta.
Markina-Xemeingo Eskola Publikoaren ikuspegia goitik ikusita. Argazkia: Markina-Xemeingo Eskola Publikoa
Kalejira bategaz hasiko dute jaia Arkupean, eta 13:00etan jarri dute hitzordua, guztiak batzen joan eta kalerik kale poteoan ibiltzeko. Ez dira joango bakarrik, trikitilari eta pandero joleez lagunduta egingo dute kalejira.
Halantxerik ailegatuko dira Bekobentara ere. Eskolan, argazkiak aterako dituzte taldeka, gelaka, bai eta erraldoi bat ere guztiek batera, 40. urteurren jaiaren oroitzapena gordetzeko, eta argazki guztiak eginda, jantokian sartuko dira bazkaltzeko.
Menua bertoko produktuekin egindakoa izaten ahalegindu dira, eta gozoak eta edariak, berriz, herriko gozotegi eta likore dendetan erosi dituzte. Zerbitzari eta garbitzaile lanak, ostera, denen artean egingo dituzte, elkarlanean.
Ekitaldi berezia
Bazkalosterako gorde dute ekitaldi berezia. Abestiak, bertsoak, eskolaren historiari errepasoa eta omenaldia. Bekobentak, handik igaro direnentzako zer suposatu duen agertaraziko dute, eta amaitzeko, zelan ez, ekarpen guzti horren erantzuleei eskerrak emango dizkiete.
Giro onean jarraitzeko, jolasak izango dituzte arratsaldean, bai jantokian bertan bai eta kanpoan ere, eta jaiagaz hasi modura, guztiak batera kalejiran joango dira alde zaharrerantz jaiagaz jarraitzeko.