Altxorraren bila jolastuz eta askari goxoagaz, Gazte Guneko ohiko zerbitzuari etena eman zioten zapatuan, Limoneroetan. Udaleku irekiak egongo diren arren uztailean zehar, urrian emango diote hasiera berriz ohiko aisialdi ekintzei.
Gazteak Gazte Gunean afaltzen azken jaian. Argazkia: Lekeitioko Aisialdi Taldea
Lekeitioko Aisialdi Taldekoek, orokorrean, ikasturteko aisialdi ekintzen balorazio oso positiboa egin dute. Batetik, haur eta gazteak jolasean aritzeko eta elkar ezagutzeko aukera paregabea izan dela ikusi dute. «Gainera aurten lehengoz aniztasun funtzionala duten haurrentzako zerbitzua ere egon da, taldearen eskaintza inklusibo bilakatuz». Eta bestetik, barikuetan eta zapatuetan 23:00ak arte Gazte Gunea zabalik egoteak ere, gazteen artean arrakasta handia izan duela nabaritu dute.
Urteko asistentzia kopuruari dagokionez, bestalde, hiru zerbitzuetan parte hartzea oso handia izan dela zehaztu dute.
Eskaintza ugari
Urrian hasita, hainbat izan dira asteburuero antolatu dituzten ekintzak. Ludotekan 3 urtetik 5 urte bitartekoentzat, Kidegunean 6 urtetik 11 urte bitartekoentzat eta azkenik, 11 urtetik gorakoentzat Gazte Gunean.
Adin tarte bakoitzak bere programazio propioa izan duen arren ekintza asko amankomunean egin dituzte: Katu Baltza, Tximinoi jardunaldiak, Olentzero, Txuri Urdineko izotz pistako patinajea, Plaza Markatuko irekiera, Korrika, Donostiarako herri irteera eta beste hainbeste.
Aisialdi Taldeak, herrian egindako ekintzetan ere aktiboki parte hartu du .