Mutrikuko
EAJren udal taldeak agertu duenez, batzorde informatzaileen banaketa egiteko arazoak dituzte. EAJren arabera, eurek egindako proposamenarekin ez datoz bat
EH Bilduko zinegotziak. “Agerian utzi dute beren desadostasuna, proposamen horretan ere banaketa parekidea eskatuz. Hauteskundeen biharamunetik guk argi utzi genien, behin eta birritan, beraiek eskatzen zuten kontzentrazio gobernua ez genuela nahi”.
Mutrikuko udal zinegotziak
Hain zuzen ere, udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek izandako bi batzarretan adostasunera heltzea ez dela posible izan berretsi du EAJk. Batzar horietan lehena, ekainaren 16an egin zen eta bigarrena, aurreko barikuan [uztailak 3].
Lehen bileran lau proposamen igorri zituzten jeltzaleek: bozeramaileen hiruko mahaia osatzea, gobernu batzarraren osaketa, gardentasuna eta batzorde informatzaileen banaketa. “Beste alderdiei aurrez bidalitako udal kudeaketari buruz buruz ditugun proposamen zehatzak aurkeztu nahi genituen, eta bide batez, beraiek hauen aurrean duten ikuspuntua, jakin, argitu eta eztabaidatzeko zen”.
Jose Angel Lizardi alkate makila jasotzen
Lehen hiru puntuetan denak ados jarri baziren ere, EH Bilduko kideak laugarrenarekin bat ez zetozela adierazi zieten jeltzaleei. Zehatz esanda, EH Bilduko zinegotziak eratuko diren zazpi batzordeak zelan banatuko diren ez datozela bat diote jeltzaleek. Hau da, zazpi batzordeen buru EAJ izatearekin ez datoz bat EH Bildukoak.
Gaia aztertzeko geratu ziren udala osatzen duten taldeak, eta hortaz, bigarren batzarra egin zuten aurreko barikuan, “behin betiko erabakia hartzeko”.
EAJko zinegotziak
Bigarren batzarrean akordiorik lortu ez zenez, batzordeak banatzea alkatearen eskumena izango dela jakitera eman dute jeltzaleek. “Argi utzi nahi dugu edonola ere, hauek izendatzea alkatearen eskumena dela, eta badugula egin nahi dugun udal kudeaketa aurrera eramateko batzorde buruak izateko zilegitasuna. Hasieratik agertu diegu, bestalde, gai guztietan komunikazio irekia eta zabala izan nahi dugula hiru taldeen artean”.
EH Bilduren iritzia
Mutrikuko EH Bilduren iritziz, ordea, udal gobernua osatzen duten hiru alderdien artean egindako azken bileran, batzordeen inguruko puntuan bi kontraesan nabarmen agertu ziren.
Alde batetik, EH Bilduko kideek batzorde kopurua zazpira mugatzea onartezina dela diote. Hartu nahi diren neurri berrien arabera, Euskara Batzordea Kultura Batzordearekin batuta euskarari “garrantzia kentzen” zaiola azpimarratu dute. Era berean, Ingurugiro eta Hondakin Batzordea ere kendu nahi direla salatu dute. “Udalbatzak iaz onartutako Hondakinen Batzordea ere bistatik kendu dute. Hain zuzen ere, herritarrek onartutako Bilketa Sistema martxan jartzeko dagoenean”.
Beste alde batik, batzorde guztiak EAJ “bigarren indarra denean” haren menpe geratzearekin bat ez datozela nabarmendu dute EH Bildukoek. “Honek zer pentsatua eman behar liguke guztioi. Izan ere, inposaketa hutsa eta adostasunerako gertutasun eza agertu dute”.
Horrez guztiaz gain, udalbatzak ez eze, Gobernu Batzarrak grabatzearen alde ere aurkeztu direla diote EH Bildukoek. “Egunerokotasunari loturiko hainbat erabaki hartzen dira bertan. Era horretan, herritarrek hainbat erabakiren berri izango lukete: langileen kontratazioa, lanen esleitzeak… EAJko kideen ezezkoan argudiatze kaxkarrak entzun ziren. Zergatik jarri mugak gardentasunari?”.