Lekeitioko irlaren ondare historikoaren nondik norakoak aztertzeko asmoz, Garraitz 25 izeneko proiektua hasiko du Lekeitioko Atabaka elkarteak. Aranzadi elkarteko Alfredo Moraza etnografo-arkeologoak zuzenduko ditu beharrak, eta ondare historikoa maite duen edonork parte hartu ahal izango du, Atabakako kideekin batera, proiektuan.

Lekeitioko Garraitz irla Isuntza hondartzatik ikusita.
Proiektu integrala izango dela azaldu dute Atabakoek, eta beraz, Lekeitioko irlako elementu nagusi guztiak berreskuratu nahi dituzte. Alde batetik, hainbat sasoitan Lekeitioren defentsarako erabilitako gotorlekua, bestetik, izurriteetan gaixoak babesteko sortutako eraikina, eta azkenik, XVII. mendean frantziskotarren komentua izandakoa. Horrez gain, irlaren paisaia ere bere onera ekartzeko asmoa daukate. «Izan ere, XX. mendearen hasieratik azken urteetara arte irlak zuen itxura berezia guztiz aldatuta geratu da oraintsu, zuhaitz asko eta asko hil egin direlako edo egoera onean egoteko mantenurik ez delako egin», azaldu dute.
Batzarra
Proiektua Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lekeitioko Udalak diruz lagunduta dago, eta horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Itsaspen egitasmora aurkeztea eta babesle pribatuengana jotea ere bada Atabakaren asmoa. «Sasoi zailak dira ondare historikoarentzat, eta, horregatik, ezinbestekoa da guztien laguntza izatea, bai erakundeena, baita herritarrena ere».
Proiektuan interesa duten guztiak batzar batera gonbidatu ditu elkarteak. Batzarra, barikuan izango da, 19:30ean Lekeitioko Kultur etxean. Proiektuari buruzko informazio guztia eman eta auzolanean parte hartzeko baldintzak zehaztuko dituzte batzarrean. Lan nagusia, hasiera batean, aztarna arkeologikoak dauden inguruetako sastraka garbitzea izango dela jakitera eman dute elkartekoek.