Jaurlaritza, inbaditzaileen aurka
Eusko Jaurlaritzak Europako Batzordearen saria jaso du, landare inbaditzaileen aurka egiteko martxan jarritako egitasmoa dela eta; besteak beste, Lean eta Urdaibain egin dituzte lanak.Baccharis halimifolia landare inbaditzailea hango eta hemengo bazter...
Eusko Jaurlaritzak Europako Batzordearen saria jaso du, landare inbaditzaileen aurka egiteko martxan jarritako egitasmoa dela eta; besteak beste, Lean eta Urdaibain egin dituzte lanak.
Baccharis halimifolia landare inbaditzailea hango eta hemengo bazterrak hartzen dabil azken urteetan. Eta landare inbaditzaile horrek bertoko ekosisteman sortzen dituen kalteak handiak direla diote adituek. Horrela ba, Eusko Jaurlaritza urteetan dabil horren aurka egiten. Eta egindako lan horren harira, Bruselak saria eman dio.Zehatz esateko, Jaurlaritzako Ingurumen Sailak landare inbaditzailea desagerrarazteko egindako lana eta prestatutako egitasmoa da saritu duena. Egitasmoa Leako, Urdaibaiko eta Txingudiko itsasadarretan egikaritu da. Europako Batzordearen Ingurumen Zuzendaritzak «hoberenen artean bost hoberenetako (Best of the Best)» saritu ditu, tartean Jaurlaritza.
Ana Oregi Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak jaso zuen ekainaren 4an Life Nature/Information Projects Awards 2015 saria. Oregiren arabera, pozgarria izan da sari hori jasotzea. Izan ere, Europako Batzordeak ezarritako oinarriak «oso altuak» dira. «Urteetan aritu gara ekimena garatzen, ahalegin eta itxaropen handiz, bai gure teknikarien aldetik bai eta gurekin lan egiten duten beste administrazioko teknikarien aldetik ere. Garrantzitsuena, baina, emaitzak dira, eta horra hor Txingudi, Lea eta Udaibai».
Hedapena, geldiarazita
Jaurlaritzagaz batera, Europako Batzordeak beste lau ekimen ere saritu ditu: eguzki-arranoaren eta sakre belatzaren kontserbazioa Bulgariako Red Natura 2000 guneetan, Orsini sugegorriaren kontserbazioa Hungariako Karpatoetan, Errumaniako Ekialdeko Karpatoetan hartzak kontserbatzeko jardunbide egokiak, eta Thalassa, Greziako itsas ugaztunak babesteko, haien inguruan hezteko eta haiei buruzko ezagutza jendarteratzeko kanpaina.
Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak garatutako proiektuak geldiarazi egin du Baccharis halimifolia landare inbaditzailea chilca izenez ere ezaguna euskal kostaldean hedatzea; Urdaibaiko, Leako eta Txingudiko itsasadarretan, guztira, espezie inbaditzailearen 570.000 zuhaixka tratatu dira, eta 5 milioi plantula kendu dira eskuz.