Urtero sasoi honetan egin modura, Karmen jaiak ospatuko dituzte Ondarroan. Barikuan [uztailak 10] hasi eta domekara [uztailak 12] bitartean, egitarau oparoagaz gozatzeko aukera egongo da Ondarroako Galizia Etxearen eskutik. “Jai eguna aste barruan denez, asteburuan aurreratuta ospatuko ditugu Karmenak. Nahi duen guztiari, jaiak gurekin ospatzera gonbidatzen ditugu”.

Gaitero eta dantzari taldea. Argazkia: Ondarroako Galizia Etxea
Datozen egunotan ez da ekimenik faltako. Goizetik eguerdira bitartean, Itsasaurren propio ipinitako txosnetan, Galiziako produktu tipikoak dastatzeko aukera egongo da, egunero: olagarroa, enpanada galegoa, lakoia, txerri belarria, txorizoa, Tetillako gazta, Galiziako ardo tipikoak eta Santiago tarta aukeran egongo dira, besteak beste. “Jendeari asko gustatzen zaio dastaketa, eta egia esan, oso arrakastatsua izaten da”.
Bazkal aurreko uneak, ostera, musikak alaituko ditu. Galizian esaten duten bezala, hain zuzen ere,
sesion vermuth deritzon dantzaldia edukiko dute. Bazkal osteak ez ezik, iluntzeak eta afal osteak ere musikaz blai egongo dira datozen egunotan.

Queimada prestatzen. Argazkia: Ondarroako Galizia Etxea
Horiekin batera, ezin falta Galiziako folklorearen ezaugarria diren gaitak eta dantzak. Euskal Herriko hainbat Galizia etxeetatik etorritako gaiteroak eta dantzariak kalez kale ibiliko dira zapatuan eta domekan. Ohiturekin jarraituz, zapatu gauean queimada mistikoa egingo dute Itsasaurren.
Kanabera likorea, kafe garauak, limoi azala eta azukrea ondo nahastu eta horri sua eman ostean, edaria nahasten joaten dira queimada lortzeko. Bien bitartean, zorte ona erakartzeko konjuruak ere esango dira Itsasaurren. “Jende asko erakartzen du queimadak. Gauean, espreski, herritar ugari edaria nola prestatzen den ikustera etortzen dira. Erriatualaren momentua berezia izaten da, eta bertan erabiltzen diren hitzek jendea asko harritzen dute”.

Karmengo Amaren omenezko prozesioa. Argazkia: Ondarroako Galizia Etxea
Domekan, ostera, Karmengo Amaren inguruan egun berezia biziko dute. Elizara prozesioa egingo dute, eta aurten estreinakoz, gainera, Karmengo Amabirjina ere aterako dute Ondarroako Galizia Etxeko kideek. “Monjetako Eskola eraitsi zutenean, hango kaperan zegoen Karmengo Amabirjina gorde egin zuten. Hainbat urtez gordeta egon ostean, orain hilabete batzuk guri utzi ziguten, eta zaharberritu ostean, irudia prozesioan ateratzeko asmoa dugu. Mota honetako prozesioa egingo dugun lehen aldia izango da, eta gogotsu gaude”.
Meza ostean, itsasoan galdutako eta hildako arrantzaleei omenaldi xume bezain hunkigarria eskaintzeko tartea izango da. Elizatik irten eta prozesioan alde zaharrera joango dira. Han ontzietan sartu eta itsasoan galdutako eta hildako arrantzale guztiei lore eskaintza egingo diete badian. “Nahi duen guztiak, gurekin txaluparen baten etortzea ere edukiko du”.
Jaiak musikarekin eta kantuan agurtuko dituzte Ondarroako Galizia Etxekoek. Era berean, hilaren 25ean, Santiago egunagaz jarraituko dituzte ospakizunak. Galiziarren santuaren eguna goi-goitik ospatuko dute bertokoek ere.
EGITARAUA
Uztaialak 10, barikua
- 11:00. Jaien hasiera Taquikardia fanfarreak girotuta.
- Ordu berean, Galiziako jaki tipikoen dastaketa eta salmenta postuak irekiko dira Itsasaurre Plazan.
- 13:00. Taquikardia fanfarreagaz batera dantzaldia.
- 20:45. Gran Orquesta Los Almirantes taldearen emanaldia.
- 22:00. Taquikardia fanfarrearen emanaldia.
- Jarraian, Gran Orquesta Los Almirantes taldeagaz batera dantzaldia.
Uztailak 11, zapatua
- 11:00. Galiziako jaki tipikoen dastaketa eta salmenta postuak irekiko dira Itsasaurre Plazan.
- Ordu berean, Taquikardia fanfarrea, Laudioko Galizia Etxeko Espalladoiros gaitero eta dantzari taldea eta Santurtziko Galizia Etxeko Airiños galegos doce albor taldea kalerik kale.
- 13:00. Gran Orquesta Los Almirantes taldeagaz batera dantzaldia.
- 18:00. Smaily Animacion taldearen eskutik umeentzako dantzaldia.
- 20:45. Gran Orquesta Los Almirantes taldearen emanaldia.
- Ordu berean, Taquikardia fanfarrearen kalejira.
- 22:00. Duo Togayan-egaz batera dantzaldia.
- Jarraian, Gran Orquesta Los Almirantes taldearen emanaldia.
- 23:00. Queimada.
Uztailak 12, domeka
- 11:00. Galiziako jaki tipikoen dastaketa eta salmenta postuak irekiko dira Itsasaurre Plazan.
- Ordu berean, Taquikardia fanfarrea, Sestaoko Galizia Etxeko Os jarteiriños-Nosa Xente gaitero eta dantzari taldea eta Os Agarimos de Masustegui taldeekin batera kalejira. Santa Maria Elizara Karmengo amabirjinagaz batera prozesioa egingo dute.
- 11:30. Karmengo Amaren omenezko meza.
- Meza ostean, Ondarroako badian zehar prozesioa eta itsasoan galdutako eta hildako arrantzaleei lore eskaintza.
- 13:00. Duo Togayan taldearen eskutik dantzaldia.
- 14:00. Agintariekin batera luntxa.
- 22:00. Duo Togayan taldearen batera erromeria.