Txokoa «libre eta zabalik» uztea exijitzeko, Karmen jaietako herri bazkarian mosaiko erraldoi laranja bat egitea proposatu du Amaiur elkarteak. Izan ere, Amaiur elkartea izan zen gaur egun egiten den herriko jaietako ekintzarik parte hartzaileenaren sortzailea; herri bazkariaren sustatzailea.

Hainbat herritar batu ziren txokoaren aurrean egin zen asanbladan parte hartzeko. Argazkia: Amaiur elkartea
Espainiako Auzitegi Gorenak Herriko tabernen aurkako epaia berretsi zuen ekainaren 18an. Espetxe zigorra ezarri zien auzipetuetako askori eta 101 elkarte konfiskatzeko agindua eman zuen, tartean Amaiur. Hori dela eta, Markina-Xemeingo elkarteak asanblada egin zuen joan den asteburuan txokoaren aurrekaldean, eta epaiaren salaketa irmoa egiteaz gain, Markina-Xemeingo herritar guztiei, eragile, koadrila, eliza, taberna… egoera horren berri ematea erabaki zuten, eta «denok batera» salaketa egitea eskatzea. Jaiak datozela eta, herri bazkaria aukeratu dute horretarako. «Herritar guztiak animatzen ditugu eskubide zibil eta politikoen defentsan jardutera», esan dute.