Markina-Xemeingo Herri Kroseko ibilbidea luzeagoa izango da aurten. Barroetako zubia jarri dutela eta, horrek ematen duen aukera aprobetxatuta, Arretxinagatik pasatu eta Barroeta zubitik igarota egingo dute buelta korrikalariek. Atletismo Eguna baina, ume eta gazteen probekin hasiko da, urtero modura. 17:00etatik aurrera, abiadura probak egingo dituzte aurrebenjamin, benjamin, alebin, txiki eta kadeteek.
Jendea korrika Markina-Xemeingo Herri Krosean. Argazkia: Lidia Urizarbarrena
60 metro, 100 metro eta 600 metroko lasterketak eta erreleboak egingo dituzte. Alebinek eta txikiek, gainera, pisu jaurtiketa erakustaldia ere egingo dute Zelaiko berdegunean.
Kros txikia 18:30ean hasiko da, eta 2 kilometro izango ditu. Nagusien krosa, berriz, 19:00etan hasiko da eta 7,8 kilometro edukiko ditu aurten ibilbideak, besteetan baino 800 metro gehiago.
Zelaian hasi eta San Agustin kalean zehar Xemeinera joango dira korrikalariak, eta Lea Artibai Ikastetxearen ondotik Arretxinagarantz abiatuko dira Barroetara arte joateko. Zubi berria zeharkatu eta Beko Benta kaletik Bolurantz hartuta, bide gorritik joango dira gero korrikalariak Atxondo kiroldegiraino. Kiroldegiari buelata eman eta Ibaibarreneta aurretik San Agustin kalerantz jo eta Goiko Portalera sartuko dira, handik Zelaiko helmugara heltzeko.
Ibilbide hori guztia baina, bi bidar egin beharko dute korrikalariek.
Sariak
Sari banaketa Zelaian bertan egingo dute. Abiadura probetan maila bakoitzeko lehen hiru neska-mutilentzat egongo dira sariak. Pisu jaurtiketan, berriz, lehenengoarentzat egongo da garaikurra.
KROSEKO SARIAK:
Gazteak
- Garaikurra eta 50 euro.
- garaikurra eta 35 euro.
- Garaikurra eta 25 euro.
Nagusiak
- Garaikurra eta 100 euro.
- Garaikurra eta 60 euro.
- Garaikurra eta 40 euro.
Beteranoak
- Garaikurra eta 70 euro.
- Garaikurra eta 50 euro.
- Garaikurra eta 40 euro.
Izena emateko
Atletismo Eguneko probetan parte hartu nahi dutenek, goizez, 11:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez, 15:00etatik aurrera norbere proba baino ordu erdi lehenagora arte edukiko dute izena emateko aukera.