Maiatzaren Lehenean LAB sindikatuak eta Lea-Artibaiko Ernai gazte antolakundeak Lekeition egin zuten eskualdeko manifestazioan pintaketak egitea egotzita deklaratzera deitu dituzte Ernaiko ordezkari bat eta LABeko beste bat. Bi herritarrek uztailaren 28an (martitzena) deklaratu behar dute, Gernika-Lumoko epaitegian. “Baimenak eskatuta zeukaten bi pertsona inputatu nahi dituzte kalteak egitea egotzita”, salatu dute LABeko ordezkariek. Izan ere, inputatu gisa deklaratzera deitu dituztenak dira manifestazioa egiteko baimena eskatu zuten bi herritarrak. “Guk bakarrik dakigu inputatu gisa deklaratu egin behar dugula, ez dakigu ezer gehiago”, azaldu du deklaratu behar duen LABeko ordezkariak.
Maiatzaren Lehenean Lekeition agertu ziren pintadak.
Bi herritarrek deklaratzen duten egunean,
epaitegiaren aurrean elkarretaratzea deitu du LABek, 10:00etan. “Elkarretaratzeagaz bi lagun inputatu izana salatu nahi dugu; ordu erdiko elkarretaratzea izango da”.